Entrenatzaile batek adingabe bati egindako sexu abusua salatu dute
Busturialdeko Itaiak gaur jakinarazi duenez, adingabe bati sexu abusua egiteagatik futbol entrenatzaile bat salatu dute Gernika-Lumon: «Urtebete pasatu da saskibaloiko entrenatzailearen kasua argira irten zela. Urtebete beranduago, nesken futbol talde bateko entrenatzaileak egindako eraso bat salatu da».
Erakundeak zabaldutako oharrean adierazi du ez dela kasu isolatu bat, erasotzaile horiek entrenatzaile figurak dakarren botere harremanaz aprobetxatzen direlako adingabeak sexualki jazartzeko, eta erasotuak epaituak izaten direla eta egoera horiei aurre egitea ezinezkoa egiten zaiela, “batez ere pertsona helduak direlako, herrian begi onez ikusiak, gurasoen konfiantza irabazten dutelako…”
Eskualdeko Itaiak salaketa irmoa plazaratu, eta erasotzaileen inpunitatearen kontra borrokatzearen garrantzia azpimarratu du: “Ezin dezakegu egoera hau onartu, erasotzaileei aurre egin, eta beraien inpunitatearen kontra borrokatu behar dugu. Indarkeria matxistaren kontra borrokatu behar dugu. Hainbat eta hainbat kasu ezagutu ditzakegu guztiok. Gainera, erasotuek ezin izaten dute beraien bizitzekin normaltasunez jarraitu, eta gizartean baztertzen direnak beraiek dira, erasotzaileek inpunitate osoz normaltasunez jarraitzen duten bitartean”. Era berean, datozen egunetan mobilizazioren bat deitzeko asmoa daukate Busturialdeko Itaiako kideek.
Gernikako Sare Feministak ere erasotuari babesa adierazi, eta ume eta nerabeenganako indarkeriaren aurrean, entzun eta erantzun beharra dagoela berretsi du: “Urte betean herrian ezagutzen dugun bigarren kasua da, eta gure babesa adierazi nahi diogu erasotuari. Guk sinisten zaittugu! Erasotzaile eta pederastek aurrean izango gaituzte. Gure burua eskaintzen diegu erasotuari zein erasotua izan ahal izan den beste orori”. Indarkeria matxistari aurre egiteko bidea autodefentsa feminista dela aldarrikatu dute, beste behin.
Hain zuzen ere, Gernikako Sare Feministak abenduaren 14rako deitutako manifestaziora batzeko deia egin du eskualdeko Itaiak. Indarkeria matxista eraso orori aurre egiteko, egun horretan “kaleak hartzea garrantzitsua” izango dela adierazi dute erakundearen ordezkariek: “Ezin zaigu ahaztu beste erasotzaile bat kaleetatik dabilela, inpunitate osoz”.