Aritz Abaroak zinegotzi kargua utzi du
Hamahiru urte udal politikan eman eta gero, legebiltzarkide eta Bermeoko EAJko bozeramaileak talde jeltzaleen zinegotzi akta entreagatu zuen egueneko osoko-bilkuran.
Hamahiru urtez Bermeoko udal politikari lotuta egon ostean, Aritz Abaroa Bermeoko EAJko bozeramaileak talde jeltzaleen zinegotzi akta entreagatu zuen iragan egueneko osoko-bilkuran. Zortzi urtez zinegotzi izan eta gero, 2019-2023 legegintzaldian Bermeoko alkate izan zen Abaroa, eta orain “taldeko beste pertsona batzuek txanda hartzeko garaia” iritsi dela adierazi zuen.
Gaur egun legebiltzarkidea da Abaroa; zehazki, Hezkuntza Batzordeko bozeramailea, Elikadura, Landa Garapen eta Arrantza Batzordeko burua eta Etxebizitza, Merkataritza eta Turismo Batzordeko kidea da. Horrez gain, gainera, EAJko lurralde zuzendaritza berriko burukide ere izendatu zuten duela bi aste.
Zinegotzi izateari utzi badio ere, bere konpromisoa oraindik bermeotarrekin dagoela zehaztu zuen osoko bilkuran: “Nire konpromisoa bermeotarrekin dago oraindik, jendearen bizi-kalitate hobea lortzeko onena emateko eta herrialde hobea eraikitzeko nide ekarpen txikia egiten jarraitzeko”.
Bermeoko Udalari eskerrak eman nahi izan zizkion Abaroak bere agurrean, kudeaketaz eta politikaz asko ikasi duela nabarmenduta. Alderdikideak ere gogoan izan zituen: “Eskerrik asko nire alderdiari, denbora honetan konfiantza osoa jarri baitute nigan”. Hamahiru urtez “Bermeoren eta bermeotarren alde” lan egin duela azpimarratu nahi izan zuen alkate ohiak. Era berean berarekin lan egin eta ibili diren pertsonei ere aipamena egin zuen: besteak beste, etapa ezberdinetan konfiantza eman dioten alderdikideak, hamahiru urteetako taldeetako kide izandakoak edota “udaleko profesional guztiak” izan zituen gogoan.
Aipamen berezia egin zien Bermeoko bizilagunei, alkate izateko aukera eman izana eskertuta: “Nire herrian alkate izateko aukera eman didate, eta edozein pertsonaren ibilbide politikoan ohorerik handiena da”. Izan ere, alkate izateak “pertsonengandik hurbil” lan egiteko aukera ematen duela azpimarratu zuen, “zure bizilagunen bizitza hobetzeko helburu bakarrekin”: “Horregatik hasi naiz profesional gisa, politikari gisa, baina batez ere, pertsona gisa. Eskerrik asko bermiotarrak”.