Familia hezkuntza programa eskainiko dute Bermeon
Bermeoko Udalak, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez, familientzako "prestakuntza proposamen zabala" prestatu du. Guztira sei saio eskainiko dituzte eta lehenengoa abenduaren 10ean izango da.
Familia hezkuntzaren garrantzia “ezinbestekoa” dela ikusita, Bermeoko Udalak prestakuntza proposamen zabala prestatu du. Hala, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez udalerriko familientzako “prestakuntza global bat” antolatu dute, 2024-2025 ikasturterako.
Zehaztu dutenez programan sei gai ezberdin landuko dituzte, “familiek hezkuntza prozesuan aktiboki parte hartu dezaten”. Izan ere, nahiz eta saioak Bermeoko ikastetxeetan egingo diren, ez dira ikastetxeetako familietara mugatuko; hau da, herriko familia guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Lehenengo saioa abenduaren 10ean [martitzena] izango da, Sagrado Corazon ikastetxean.
Lehen saioan lehenengo mugikorra Gabonetarako opari aproposa den edo ez izango dute hizketarako gai. Maiatzera arte luzatuko diren gainontzeko saioetan berriz, nerabeen emozioak, nerabeen estresa kudeatzeko tresnak, sare sozialak, pornografia ere lehen kontsumoak izango dituzte mintzagai, besteak beste.
Programan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da, familia eskolen karteletan agertzen den QR kodearen bitartez. Udaletik zehaztu dutenez, gaiak independenteak dira eta, horrenbestez, “gure beste saiotan” eman daiteke izena. Hala ere, saioek aurrera egiteko gutxienez 4 pertsonak eman beharko dute izena. Gehiengo kopuru bat ere zehaztu dute: 30 pertsona. Saioak doakoak izango dira.
Familia eskola programari buruz informazio gehiago nahi duenak bermeoprebentzioa@etorkintza.org helbide elektronikora idatzi edo 674 02 50 18 edota 94-617 91 58 telefonora deitu dezakeela adierazi dute.
EGITARAUA
-
Abenduak 10: Lehenengo mugikorra erostea… opari aproposa Gabonetarako? (Sagrado Corazon Ikastetxean, 17:30ean).
-
Urtarrilak 16: Nerabeen emozioen bidelagun. Nola zaindu komunikazioa gure seme-alabekin? (San Frantzisko Herri Ikastetxean, 17:30ean).
-
Urtarrilak 30: Nerabeak eta estresa: Familientzako tresnak kudeaketa emozionalean. (Bermeoko Institutuan, 17:30ean).
-
Otsailak 13: Sare sozialak eta nerabeak, aro digitaleko familiak. (San Frantzisko Herri Ikastetxean, 17:30ean).
-
Martxoak 26: Pornografia eta nerabezaroa. (Gizarte eta Kultura Etxean, 17:30ean).
-
Maiatzak 8: Lehen kontsumoak eta nerabeak: Prebentzioa eta komunikazio eraginkorra nerabezaroan. (Eleizalde Ikastolan, 17:30ean).