Euskara plana lantzeko saio irekia, bihar
Plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko elkartuko dira bihar [azaroak 28], 18:00etan, udaletxean.
Udalerrian euskararen kaleko erabilera azken urteetan «nabarmen» jaitsi dela ikusita —egun %60,6koa da—, Muxikako Udala euskara sustatzeko plan berria osatzeko prozesuan murgilduta dago, eta saio irekia deitu du biharko.
Euskaraz bizi den udalerria izaten jarraitu nahi dute, eta «bide horretan sakontzeko eta erronkei egoki erantzuteko» plangintza osatu nahian ari dira, beti ere «herritar eta eragileekin elkarlanean».
Lehenengo pausoa herritarrei euskararen egoeraren pertzepzioaz galdetzen dien galdetegia bidaltzea izan zen, beraien iritziak jasotzeko asmoz. Datu horiek bilduta, bigarren pausoa emango dute orain: parte hartze saioa. Plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko helburuagaz, eragile eta herritarrekin batuko dira bihar 18:00etan, udaletxean. Udaletik bertaratzeko deia zabaldu dute.