Txapela izango dute jokoan, Astran
Onintza Enbeita, Iker Uriarte, Asier Galarza, Lurdes Ondaro, Koldo Gezuraga, Aitor Etxebarriazarraga, Janire Arrizabalaga eta Ibai Amillategi ariko dira Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finalean, zapatuan. 18:00etatik aurrera, Astra bertsoz beteko da.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketak baditu zortzi finalistak: Onintza Enbeita, Iker Uriarte, Asier Galarza, Lurdes Ondaro, Koldo Gezuraga, Aitor Etxebarriazarraga, Janire Arrizabalaga eta Ibai Amillategi; Xabier Enbeitak puntu bidez lortu du finalerako txartela, baina finaleko oholtzara ez igotzea erabaki eta haren ordez ariko da Amillategi. Zapatuan (azaroak 30) Gernika-Lumoko Astran, 18:00etatik aurrera lehiatuko dute finala.
Errigoitiko txokoan finalerako pasea zuten jokoan joan den barikuan. Bertan, Galarza, Amillategi, Ander Elortegi, Koldo Muñiz, Gurutz Uruburu eta Eneko Aldana izan ziren protagonistak, eta saioko irabazle Galarza eta bigarrena izan zen Amillategi egongo dira, azkenean, Astran.
Puntuazioaren arabera, euren ostean sailkatu zen Elortegi eta laugarrena izan zen Muñiz. Uruburu izan zen bosgarrena, eta, Aldana, berriz, seigarrena. Nor bere onena ematen saiatu zen Errigoitin, eta denetariko gaiak izan zituzten hizpide. Txokoan giro epela izan zuten bertsolariek, 60 bertsozaletik gorak bilduz, eta gustura aritu ziren bertsolariak.
Hiru ariketa.
Finalean, giroa serioagoa izango da, afari osteko giroko saioetatik saio formal batera igaroko baitira. Finalean, lehenengoz ariko dira Arrizabalaga eta Uriarte, eta eurekin batera ibiliko dira baten baten txapela jantzi duten Enbeita eta Etxebarriazarraga. Beste laurentzat ez da lehenengo aldia izango, eta buruz burukora ailegatzeko lanetan ibiliko dira batzuk zein besteak. “Aurpegi berriak ikustea positiboa da, bai gure komunitatea hasteko, bai jendeari aukera berriak emateko, esan dute Lilibertsoko antolatzaileek. Hala ere, hainbat ariketari aurre egin beharko diete buruz burukoan egoteko.
Hiru ataletan banatutako finala izango da, eta lehenengoan, bertsolari guztiek ofiziotan hiruna bertso bota beharko dituzte zortziko nagusian, zortziko txikian eta koplaka. Ostean, puntu gehien lortu dituzten laurek puntua emanda bertso bi bota beharko dituzte zortziko txikian, eta, gero, hiruna bertso hamarreko txikian. Behin horiek eginda, sei puntuko motzean hiruna bertso botako dituzte buruz burukora ailegatzen diren bi bertsolariek, eta ostean, ganbarako lana ere egingo dute: gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.
Bertsolari onenari, Joseba Uribarri Paketek jantziko dio txapela. Bera da eskualdeko beste bertso eragile bat, Lilibertsok antolatzen ez dituen bertso saio asko antolatzen dituena. “Auzoetako eta ermitetako saio gehienak berari esker daude bizirik. Eragile handi bat da, eta bere lanari errekonozimendua egin gura diogu”, azaldu dute Lilibertsokoek. Hala ere, txapelaz gain, buruz burukora ailegatzen diren biek Jokin Abaitua artistaren artelan bana jasoko dute oroigarri modura.
Astra bertsozaleen aterpea izango da zapatuan, eta aurrekoetan legez, bertsoa gustuko dutenak kulturarako fabrika sozialera bertaratzea espero dute Lilibertsokoek; azken finalean 200 lagun inguru elkartu ziren. “Betiko kopuruak espero ditugu, eta aurrekoan 200 pertsona inguru bertaratu ziren. Guretzako zifra horrek oso onak dira. 200 pertsona eskualdeko final bat ikustera joatea zifra oso ona da”, esan dute.
Hala ere, txapelketaren helburu nagusia bete dute dagoenerako Lilibertsokoek: “Helburu nagusia bertsoaren bitartez komunitatea egitea da guretzat, eta hori lortu dugu. Txokoak bertsoz eta bertsozalez bete ditugu, saio informal bezain lehiakorretan, eta hori polita da”.