Kalitatezko hezkuntza helburu, hezkuntza publikoa indartzeko eta inbertsioa handitzeko eskatu du LABek
Hezkuntza publikoa sistemaren ardatza izan dadin, inbertsioa handitzea aldarrikatzeko mobilizazioak egin zituen LAB sindikatuak joan den eguen iluntzean (azaroak 21), tartean, Gernika-Lumon.
“Hezkuntza komunitatea osatzen dugun familia zein lagunok argi dugu kalitatezko hezkuntza izateko hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatzea ezinbestekoa dela”. Argi esan zuten joan den eguenean (azaroak 21), LAB sindikatuak hiriburu zein eskualdeetan deitutako elkarretaratzeetan; tartean, Gernika-Lumoko Merkurio parean ere bildu ziren herritarrak.
Bertan, Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza sistemaren ardatz izan daitezen, azpiegiturak hobetzeko, baliabideez hornitzeko eta langileen lan baldintzak berritzeko garaia dela esan zuten. Eta, horretarako, esan zuten, urteroko gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzatekeela aurrekontu proiektuan, Europako bataz bestekoarekin parekatuz, hezkuntza legearen testuinguruan izandako grebetan aldarrikatu zuten modura.
Hezkuntza publikoko langile ororen lan baldintzak arautzen dituzten lan hitzarmenak berritzeko eta hobetzeko aldarrikatu zuten eguenean, ze, langileen lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela sinisten dute. “Langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean. Izan ere, premiaz berritu behar dira zaharkituta dauden lan hitzarmenak”, esan zuten. Eta, zehaztu zuten, esaterako, Sukalde eta Garbiketan, 2007ko lan hitzarmenak gehiegizko ikasle kopurua eta metraje kopuruak barnebiltzen dituela. Hala, funtzioak zehaztu behar direla eta lanaren koordinazio faltarekin amaitu behar dela esan zuten.
Irakasleetan, berriz, azken urteetan “gehiagora” egin duten lan burokratikoak murriztu edota ikastetxearen autonomia errespetatuz, ikasleen beharrei erantzuten dieten formakuntzak behar dituztela esan zuten. Hala, 2010eko lan hitzarmena eguneratzeko, besteak beste, ordu lektiboen jaitsiera eman behar dela azaldu dute, baita Lanbide Heziketako berezitasunak arautzea ere.
Haurreskoletan, 2009koa den lan hitzarmena berritzearen alde ere agertu ziren sindikatukoak, lanaldiaren jaitsiera eta baimenak handitu behar direla esanez, eta kudeaketa alorrean dauden baliabide eskasak irauli behar direla eskatuz. Eta, esan zuten, Heziketa Berezian, 20 urteren ondoren, akordio batetik hurbil daudela, “behin behinekotasun tasa %5era jaitsi, hezitzaileen soldata haurreskoletako hezitzaileekin parekatu eta lanaldiaren jaitsiera adostu berri dituztelako”.
Horrez gain, kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikaslea erdigunean jartzea dakarrela diote. Eta, bide horretan, ikasketa prozesua ematen den barne zein kanpo espazioak berebiziko garrantzia daukala azpimaratu dute. Hala, ikasle zein langileok egunero jarduten duten azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan dutela diote: “Horrez gain, egungo beharrei erantzun behar diete, hauek baliabideez hornituz. Are gehiago, zenbait kasutan, azpiegitura berriak sortu behar dira, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak edota eraikin propiorik ere ez dutenak, baita espazio falta dela eta plazak mugatuta dituztenak ere”.
Eta, jendarte modura existitzen diren erronkei erantzuteko, ikastetxeak baliabide materialez gain, baliabide pertsonalez ere hornitu behar direla esan zuten. Izan ere, aniztasunean jarrita duten arretari erantzuteko edo hizkuntzak edo kulturak bizi duten egoerari aurre egin ahal izateko “ezinbestekoak” direla “baliabide berriak zein formakuntza edo plan zehatzak” esan zuten sindikatukoek.
Hala, kalitatezko Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu izanik, LABek borrokan segituko du, hezkuntza komunitateko langileekin batera hezkuntza publikoan neurriak lortu daitezen: “Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza sistema burujabea eraiki behar dugu. Euskalduntzean eta Euskal Curriculumean, inklusioan eta aniztasunean, pedagogia feministan, laikotasunean, kritikotasunean eta langileon lan baldintza duinetan oinarrituta egongo dena”.