Indarkeria matxistaren aurrean ardurak hartzeko unea dela aldarrikatu dute
Indarkeria matxistaren aurrean herritar guztiek ardurak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute gaur (azaroak 25), Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Busturialdeko herrietan.
Indarkeria matxistaren kontrako aldarriek kaleak hartu dituzte gaur, Azaroaren 25ean. Biolentzia matxistatik aldendutako etorkizuna bilatzeko asmoz, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrek manifestazio zein elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, biolentzia mota horren etena helburu hartuta.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta tokian tokiko talde zein eragile feministek Ez bazara konponbidea, arazoa zara leloaren bueltan antolatu dituzte deialdiak, herritar guztiek ardurak hartzeko garaia dela aldarrikatuz. Eta, lelo horren bueltan, manifestazioak egin dituzte han eta hemen.
Bermeoko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du, Bermeoko Assalam eta Diamou emakume elkarteekin batera, emakumeek “egunerokoan jasaten ditugun indarkeriak salatzeko”. Aurten indarkeria matxistak bost emakume erail dituela gogoratu dute mugimendu feministakoek. Hala ere, erailketak “izebergaren punta besterik ez direla” nabarmendu nahi izan dute, egunerokoan indarkeria matxistak “erabat normalizatuta” daudela salatuz. Mobilizatzen jarraitzeko arrazoiak “asko” direla aldarrikatu dute, indarkeria matxistak “gure gizartean pil-pilean” daudelako.
Era berean, bakoitzak dagokion eremuan, “ardurak hartzeko momentua” dela aldarrikatu dute, oraindik konpromiso falta “handia” dela salatuta: “Gizonena, gizartearena, erakundeenaā¦ Zuentzako mezua argia da: Ez bazara konponbidea, arazoa zara”. Arazoaren parte bihurtzen dituzten jokabideak azpimarratzeaz batera, “benetako konpromiso politikoa” eskatu diete alderdi eta erakunde guztiei. Eskaeren artean daude, esaterako, “genero ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegiak bermatuta dituzten politika eta zerbitzu publikoak”.
Argi eta ozen, Bermeon “indakeriarik gabeko bizitzak” nahi dituztela oihukatu dute, inolako eraso matxista, sexista, arrazista, homofobo, lesbifobiko edo transfobikorik onartuko ez dutela aldarrikatzeagaz batera.
Assalam Emakume Elkartekoek, berriz, indarkeria matxista “oinarrizko baloreei eta giza eskubideei eragiten dien giza erronka bat” dela nabarmendu dute. Emakumeak “segurtasunez bizitzeko, errespetatuak izateko eta indarkeriarik gabe bizitzeko” eskubidea dutela gehitu dute, errespetua, berdintasuna eta elkarlana sustatuko dituen gizarte baten beharra aldarrikatzeagaz batera.
Elkarretaratzea “dagokionari” eskaerak egiteko baliatu dute, aldiz, Diamou Bermeo Elkartekoek. Udalerrian lasai bizi eta “etxebizitzarako sarbidea” nahi dituztela aldarrikatu dute, horiek eskuratzeko “traba arrazistak” ezabatzea eskatuta. Era berean, lan duina eta atseden hartzeko eskubidea exijitu dituzte: “Nahikoa da, ez dugu baztertuak izan nahi!”.
Bestalde, umeenganako indarkeriaren aurrean “entzuteko eta erantzuteko deia” egin du Gernika-Lumoko Sare Feministak. Hala, isiltzeko dioten erasotzaile, profesional edota senideen berbek “sekretua, errua eta etengabeko birbiktimizazioa” dakartzatela salatu dute: “Shh dio erasotzaileak: gure arteko sekretua da; shh dio profesionalak: agian gaizki interpretatu duzu gertatutakoa; shh! dio senideak: familia apurtuko duzu hori kontatzen baduzu. Eta shh! esaten dio barrenak biktimari: pasako da, nire errua ere bada, ez du intentzio txarragaz egin, eta kontatzen badut ez didate sinistuko”.
Hala, eta Gernika-Lumoko errealitatea kontutan hartuta, umeenganako indarkeriaren aurka lanean aritu dira sare feministakoak, Guk sinisten zaittugu! leloa ariketa politiko bihurtuz. “Urte bete ere ez da pasatu duela bi hamarkada Gernikako ume izan zen emakumearen errelatoa ezagutu genuenetik. Gertatutakoa kontatzeko adorea batzea lortu zuen berak, eta guk kontatutakoa sinisteko hautua hartu genuen, orduan, eta min gehiegi eragiten duten sekretu horiek askatzeko bidea hori dela ulertu dugu, ondoren. Eta, honekin, entzutea ariketa aktibo bihurtu nahi dugu”, ozen esan dute.
Hala, Umeenganako indarkeriaren aurrean, entzun eta erantzun! aldarrikatu dute manifestazioak iraun bitartean, eta indarkeria horrek oinarri patriarkalak dituela eta hori munduan zabalduta dagoela salatu dute, ostean. “Drama unibertsal batetaz hitz egiten ari gara. Ze, Kolonbian, esaterako, hilabete honetara arte, legezkoak izan dira derrigorrezko ezkontzak. Eta, beste lurralde askotan, indarrean jarraitzen dute oraindik”, argudiatu dute.
Mundu mailako umeen salerosketa sareen berri ere badutela, eta elizaren baitan emandako erasoen kopuruak ere “etengabean gora” egiten duela gogoratu dute, han eta hemen. Hala, erasotzaile eta pederasta denei mezu zuzena bidali diete: “Aurrean gaituzue eta izango gaituzue, orain inoiz baino gehiago”. Ze, jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herrian oraintxu zabaldu dituzten indarkeria sexuala artatzeko zentroak dagoeneko gainezka daude: “Gizarteari dagokigu errealitate hau aintzat hartzea eta haren aurrean mobilizatzea, erasotu bakar bat ere sekretua gordetzera behartuta egon ez dadin”.
Pausoz pauso lanean ari dira, eta Guk sinisten zaittugu! eta Zurekin gaude lelopean abenduaren 14rako manifestazioa deitu dutela gogoratu dute, dagoeneko 22 eragile eta 922 norbanakoren 944 atxikimendu jaso dituztela esanez. “Lan asko dago egiteko. Gu, gurera, entzutera eta erantzutera. Har dezagun ardura errealitatea feminismotik iraultzeko”.
Indarkeria sexistaren kontrako matazak irabazi asmorik gabeko erakundearen egitasmoagaz bat egin dute Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkarteko kideek. Eta eurek sortu dituzten matazak udaletxeko balkoian eskegi dituzte gaur.
Astigarragako Harituz Elkarteak 2014an sortu zuen proiektua, eta gaur egun, 48 herrialdeetan bat egin dute ekimen horregaz: Italia, Errusia, India, Portugal, Mexiko, Ingalaterra, Tunez, Argentina, Suedia… Emakumeen aurkako indarkeriak ikusarazteko eta salatzeko, adierazpen guztietan, lotura kolektibo handi bat osatzen dute. “Batzuetan mantak ere egiten dira, aurrekoak Afrikara bidali zituzten, eta egindako azkenak Ukrainara”.
Bestalde, genero-indarkeria pairatzen duen emakumeei laguntzeko eta arreta eskaintzeko Eusko Jaurlaritzaren telefono zenbakia margotu dute, hilerri pareko banku morean, “ez zaude bakarrik” mezuak lagunduta.
Ā Ā Ā
Ean eta Ibarrangelun elkarretaratzeak egin dituzte, eta indarkeria matxistaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu dute.
Mundakan, esaterako, herriko kaleak zeharkatu dituzte mugimendu feministaren aldarriek manifestazioetan, indarkeria matxistaren aurka egiteko beharra eta garrantzia plazaratuz.
Mundakako Udalak, bere aldetik, indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean bere gaitzespen irmoa agertu du, eta mugimendu feministagaz zein gizarte osoagaz “modu koordinatuan” lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Aurten, gainera, arreta jarri dute emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten diskurtsoetan: “Ultraeskuinak aurrera dirauen Europako eta munduko testuingu batek bultzatuta jaiotzen dira horiek. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen kontrako errakzio horrek hutsaldu egiten du emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria. Eta berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokionez, lege aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatzen dute”.
Nahiz eta egun sentsibilizazio kolektibo handia dagoen, joera neomatxista horiek “gero eta gehiago” direla diote, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoengan, eta bereziki eremu digitalean. Baina diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek “gizarteak egiturazko arazo bat” duela gogorarazten dutela diote. Hala, Mundakako Udalak emakumeen aurkako indarkeria hori hutsaldu nahi duten diskurtsoen aurka egingo duela esan du, “euste horma kolektiboa aktibatuz, tokiko eragileekin lan eginez, gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak hartuz, gune formal eta informaletan eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartuz eta hezkuntza sailagaz berba egiteko bideak erabiliz.
Matxismoari aurre egingo dion “antolakuntza politikoa” aldarrikatu du Busturialdeko Itaiak. Eraso matxistek, egunerokoaren parte izanik ere, gizartean “geroz eta inpaktu txikiagoa” dutela nabarmendu dute Gernika-Lumon egin duten mobilizazioan. Alde horretatik, ultraeskuinaren gorakadaz ere mintzatu dira. Ideia “atzerakoi” horiek matxismoaren gorakada hauspotzen dutela azpimarratuta, argitu dute “emakumeen eta kolektibo zaurgarrien aurkakoak” direla.
Halaber, emakumezkoek jasan behar izaten duten egiturazko zapalkuntza ere plazaratu gura izan dute: “Emakume langileok gizarte kapitalistaren barruan bigarren mailako subjektu gara”. Bigarren geruzara alboratze horren muinean, salatu dute emakume langileei “ezer gutxi” laguntzen diela erasoa jasan duenarentzat “trabaz beteta” dagoen sistema judizialak. Horrekin batera, poliziaren barruan dagoen “erasotzaile kopuruaz” mintzatu dira: “Poliziak ez gaitu babesten”.
Horregatik guztiagatik, oldarraldi erreakzionarioen eta kultura matxistaren zabalkundeari “aurre egiteko prest” azaldu dira, politikari profesionalen “hitzontzikeriez eta itxurakeriez nazkatuta”. Matxismoarekin behin betiko amaitzeko “berme bakarra” sozialismoaren eraikuntza dela aldarri eginda, A25eko borroka guztia noranzko horretan zuzentzeko asmoz agertu dira.