Emakumeen aurkako indarkeriaren diskurtso ukatzaileen kontra agertu dira Bermeon
Emakumeek pairatzen dituzten etengabeko indarkerien aurka agertu da Bermeo, gaur. Negazionismoa "arazo globala" dela arrazoiturik, herritarrekin, eskolekin, eta beste hainbat talderekin bat egin du udalak, Goiko Plazan.
Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta, Bermeoko Udalak, herriko beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta herri guztiarekin, “lanean jarraitzeko konpromisoa indartu” du gaur goizean, Goizko Plazan egindako ekimen instituzionalean. Nadia Nemeh Shomaly alkateak emakumeen aurkako indarkeria kasu orotan emakumea biktima dela nabarmendu nahi izan du, besteak beste: “2024an 5 emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta erailketa matxista hauek hainbat kezka eta urgentzia mahai gaineratu dituzte. Deskoordinazioak eta ardura ez hartzeak, babesaren kontzeptua eta andrazkoen gainean ipintzen den arduraren pisua nabarmendu ditu. Indarkeria matxistaren ardura ezin du inoiz biktimak izan, andrazkoak ez dauka berak jasan duen indarkeriaren erantzukizunik. Emakumea biktima da!“.
Udalak, emakumearen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzailean ipini du ardura aurten. Adierazi dutenez, andrazkoen eskubideak eduki duten aurrerapenen aurreko erreakzio honek, “andrazkoen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du”. “Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa dagoen andrazkoen aurkako indarkeria bako gizarte baten alde, gaur egungo joera neomatxista handitzen dago”, gaineratu du alkateak, eta fokua, batez ere, mutil eta gizon gazte eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean jarri du, oro har.
Negazionismoa “arazo globala” dela arrazoiturik, Bermeoko Udala andrazkoen aurkako indarkeriarik ez dagoela dioen edozein diskurtsoren aurka kokatu da, argiki, eta horrekiko hartutako konpromisoak azaldu ditu: “Bermeon, euste-horma kolektiboa aktibatuko dugu, alde batetik. Bestetik, gizartearentzako sentsibilizazio neurriak hartuko ditugu. Gune formal eta informaletan ere, eskola-komunitatearentzako hezkuntza eta prestakuntza-prozesuak indartuko ditugu. Horrez gain, Hezkuntza Sailarekin berba egiteko bide berriak ere erabiliko ditugu. Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, herriak sarean ekiteko aukera indartuko dugu, halaber. Bermeoko Mugimendu Feministak urtean zehar egiten duen lanarekiko begirunea ere erakutsiko dugu, beraien kezken aurrean gure laguntza eskainiz. Azkenik, gainera, martxan jarri ditugun politika berdinzaleekin aurrera jarraituko dugu”.
Gauzak horrela, euria egin duen arren, hainbat herritar hurbildu dira Goiko Plazara, goizean. Besteak beste, eskoletako ikasleak, eta lanbide heziketako ikasleak. Horreek, emakumeek pairatzen dituzten indarkerien aurka adierazi dira, eta klasean egindako oroigarri bat oparitu diote Nadia Nemeh Shomaly alkateari, beraien esker-ona adierazteko.
Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun Zinegotziak, amaitzeko, herriko datuak plazaratu ditu gerturatutako guztientzat. Bermeon, 2023an “64 emakumeren biktimizazioa” erregistratu zuen ertzaintzak Ormazaren hitzetan, eta 2024ko lehen sei hilabeteetan, berriz, 29. Udalak hartuko dituen konpromisoak azpimarratzeaz gain, biktimizazio datuak jaitsi diren arren, ez dela nahikoa adierazi du tinko: “Jaitsiera bat egon da, bai, baina datuak 0 izan arte, ez da nahikoa izango. Argi izan behar dugu, erasoen aurrean danon konpromesua behar dela, protagonistak, familiakoak, ingurukoak, auzokoak eta herritarrak. Danon laguntzagaz lortu dezakegu!”. Iragan astean aurkeztutako Puntu Seguruen Sarearen nondik norakoak gogoratu ditu, batik bat.
Azaroaren 25arekin lotuta, herriko HH eta LHko ikasleek esku moreak marraztu, eta herriko gune desberdinetan jarri dituzte. Era berean, DBHko ikasleek sticker eta giff antimatxistak sortzen aritu dira, mezu labur eta zuzenak erabilita. Ikasleek sortutako sticker eta giff antimatxista horiek udalak jaso, eta aukeraketa egin ostean, zabalduko dituzte, herritar guztien esku egon daitezen.
Ekintza horiek Hezkidetza mahaian landutakoak dira. “Gaitz horri” aurre egiteko orduan, emakumeen “ahalduntzeak” duen garrantzia azpimarratu du Ormazak, eta indarkeria matxista mota guztiak “identifikatzeko eta aurre egiteko” herriko ikasleek egindako lana goraipatu du.
Arratsalderako deia. Bermeoko Udalak bat egin du gaur arratsaldean Bermeoko Mugimendu Feministak, Diame eta Assalam emakume elkarteekin batera deitutako elkarretaratzearekin. 19:00etan izango da elkarretaratzea Taraskan, eta udal arduradunek bertaratzeko deia zabaldu diete herritarrei.