ADES Espeleologia Elkartekoak Urdaibai Biosfera Erreserbaren ezker ibarrean ibili dira asteburuan
ADES Espeleologia Elkarteko kideek hiru espedizio burutu zituzten aurreko astean.
Espeleologia “arnas luzeko ikerketa dela frogatuz”, Urdaibai Biosfera Erreserbaren ezker ibarrean ibili dira asteburuan. Orain dela 60 urte Bizkaiko Espeleologia Taldeko aintzindariek esploratzen hasitako Betrokolo leizeko lanei berrekin zioten zapatuan, Mundakako lurretan, 50 metrotako jaitsiera “bertikal ikusgarriarekin”.
Atzo, berriz, Atxbiribil mendian ADESek duela 20 urte esploratutako haitzulo bat errebisatzen ibili ziren: “Ohikoa da gaur egun ditugun teknika eta ezagupenekin, lehen oharkabean pasatutako datuak bildu ahal izatea”, azaldu dute. Galeria berriak bilatzeaz gain, labar-arte prospekzioan eta lagin biologikoak jasotzen aritu ziren, gero espezialistek aztertu beharko dituzten “aztarna interesgarriak” dokumentatuz.
Bestalde, martitzenean espeleourpekariak Orozkoko Aldabiden barneratu ziren berriro ere. Hain zuzen ere, Itxina mendizerrako urak biltzen dituen urbegi nagusian ibili ziren. Osteko galeriak esploratzen hamar bat orduz ibili ziren.