5.786 euro batu dituzte Haurtzaro Solidarioa elkartasun azokan
Bildutakoa Senegalgo Sibibougou herrira bidaliko dute, Euleuk elkartearen bitartez herri eskolako ume talibeen bizi kalitatea hobetzeko.
Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa izeneko kanpaina jarridu martxan, beste urte batez. Bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egin zuten atzo [azaroak 24], Gernika-Lumoko Merkatu Plazan, eta 5.786 euro bildu zituzten guztira.
Haurtzaro Solidarioa proiektuak urtez urte proiektu desberdinetara bidaltzen du bildutako dirua, eta aurten Senegalera bidaliko dute. Izan ere, Euleuk elkarteak Senegalgo Sidibougou herriko eskola koranikoan (Daara) dauden ikasleen (ume talibeak) bizi baldintzak hobetzeko erabiliko du, hau da, ura, argi indarra, aterpea eta beste egokitze lan batzuk egiteko, lan horiekin ume talibeen bizi kalitatea hobetuz. Izan ere, senegaldarren bizi kalitatea hobetzea da Euleuk elkartearen helburua.
Hala, asko izan ziren elkartasun azokagaz bat egin eta Merkatu Plazara hurbildu ziren herritarrak. besteak beste Katekesietara doazen umeek emandako liburu eta jostailuak begiztatu eta ikusten aritu ziren. Gabon errifa ere zozkatu zuten, eta zenbaki irabazlea 2.288a dela jakitera eman dute. Ordezko zenbakia ere badago, 3.101-a.