Ur tantatxoa basamortuaren erdian nola
David Oar-Arteta Estebanez abentura eta solidaritatea ezkontzen dituen Chatarras Raid rallya lehiatzen aritu da, Marokon. Ajangiztarrak esperientzia ahaztezin horren jatorria eta bilakaera bertatik bertara azaldu ditu.
Lankide izatea ez zen David Oar-Arteta Estebanez ajangiztarraren eta Alberto Blas Gullen valentziarraren arteko erlazioaren muin bakarra. Motor munduarekiko eta abenturarekiko pasioa bien bizitzetan behin eta berriro txirikordatu den haria izan da, eta behingoz hari horri tiraka egitea erabaki dute berriki: Chatarras Raid rally solidarioan parte hartu berri dute.
Probaren izenak agerian uzten du Marokokoa ez dela puntako autoak eta goi mailako lehiaketa barnebiltzen dituen lasterketa. Raid modalitatekoa da; alegia, garaipena ez da abiadura kontuetara mugatzen, road book edo lehiaketaren errepide mapak markatzen duen distantzia ahalik eta zorrotzen errespetatzera baino. Bi berbatan: mapak 100 kilometroko tartea zehazten baldin badu, tarte hori galdu barik bizkorren egiten duenak lortuko du garaipena; galdu eta kilometro gehiago eginez gero, ostera, penalizazioa jasoko du.
Horiexek dira probaren noranzko teknikoak. Edozelan ere, bada lankide eta lagun biei arreta deitu zien beste arrazoi bat: aurpegi solidarioa. Izan ere, ezinbesteko baldintza da elikagai ez galkorren eta ikas materialen hamarna kilo eroatea gutxienez, laguntza humanitarioa emateko. Blasen anaiak eta bere bikoteak eman zuten izena lehenengo, eta valentziarra orduan kargutu zen Oar-Arteta taldekide egokia litzatekeela. Proposamena luzatzea eta Opel Astra GSI zaharra lortzea ia eskutik etorri ziren.
“16 kilo ikas material eta 15 kilo elikagai izan dira eroan ditugunak”
Probaren zutabe nagusia solidaritatea da: autoen segurtasun neurriei barik, materiala eroateari ematen diote esangurarik pisutsuena. Laguntza hori “autosufizientziaren abentura biziz ematerik bada, are hobeto”. Hala eskola materialaren, nola elikagaien gutxieneko pisua baino gehiago eraman dute, gainera: “16 kilo ikas material eta 15 kilo elikagai izan dira; ez zaigu ezer kostatu, eta laguntza handia da”.
1993ko Opel Astra GSIari zenbait moldaketa egin dizkiote bai legedia betetzeko, bai desertuari aurre egiteko:”Takodun pneumatikoak ipini dizkiogu, eta erreserbako bi ere prestatu; karterraren estalkia metalez sendotu dugu; su itzalgailu bi ipini ditugu; eslinga eta pala eroan ditugu, baita botikina ere. Gehigarri legez, moldaketak egin ditugu materiala pilatzeko gunean, suspentsioan edota argiterian”.
“Bilbotik irten orduko, autoak ez zuen arrankatzen”
Ezustekoen bidaia.
Probak sei etapa eta 400 kilometro inguru edukirik ere, ajangiztarrak nekez imajina zezakeen Marokora heltzeko biziko zuen pasadizo zurrunbiloa. Lehen egunean, Bilbotik Salamancara bidea egin zuten; biharamunean, Algecirasera iritsi ziren, han ferrya hartzeko. Bidaiaren gorabeherek ez zuten denbora luzerik behar izan, plazaratzeko: “Bilbotik irten orduko, autoak ez zuen arrankatzen; azken orduko doitzea egin genion, eta zelan edo halan ailegatu ginen Salamancara, hurrengo goizean ere martxan ez ipintzea otu zitzaion arte”.
Arazo handiei aterabide handiak eman behar zaizkiela eta, auzolanera jo zuten: “Parte hartzaileen komunikaziorako difusio talde batera jo genuen, eta lehiakide batzuk bertaratu zitzaizkigun, laguntzera”. Igarri zuten gasolina bonbaren konektorea izorraturik zela: “Kotxea bat-batean amatatu egiten zen, eta konektorea momentuan berpiztu behar genuen; Salamancatik Algecirasera arteko semaforo bakoitzean autoa itzaltzeko arriskua eduki dugu”.
Kanpamenduan oinarrizko jan-edana eta lo egiteko edo higienerako haimak topatu zituzten, “besterik ez”. Hori eta muturreko egoera denak: “Egundoko hotza eta beroa aurreikusten genituen, baina ez hainbesterakoak”. Bigarren etapan, hareatzaren erdian murgildu zitzaien autoa, eta konektoreak ez zuela aurrera egin gura erabaki zuen berriro. “Hura konpondu nahian, gasolina bonba eta erregai tanga bereizten dituen giltzadura puskatu zitzaigun, eta gasolina bor-bor sartu zen autoan, litroka”. Bideak jarritako zorigaiztoko enegarren harri hura ere gainditu zuten, baina konponketek etaparen sailkapenetik kanpo utzi zituzten; ez, ordea, azken sailkapenetik.
“Basamortuan, munduko esperimentu txar denak probatu ditugu”
Hurrengo egunek gutxi eduki zuten traba mekanikoetatik, baina horrek begiak beste nonbaitera eroatea ahalbidetu zien: basamortuaren mugagabetasunera. “Laugarren eta bosgarren etapetan, denetarik eduki genuen: mendiak, hondarguneak, herrixkak, eta abar luze bat. Ur tanta ñimiño baten parekotzat daukazu zeure burua, basamortuko ezerez horren erdian”. Ingurune basati horretan garunak ez du deskantsurako tarterik. “Edozein unetan autoa ez atzera, ez aurrera trangatu daiteke, edo hondarretan sartu; beraz, bizkortasun mentala behar duzu, zuhaitz batera lotuta ateratzeko edota momentu horretan handik pasatzen den parte hartzaileren bati laguntza eskatzeko. Munduko esperimentu txar denak probatu ditugu”.
Gizatasun jarduera bat.
Lehiaren gainetik, partaideen arteko taldelanaz mintzo da Oar-Arteta. “Abstrakziorako aitzakia izan da, autoak eurak dira horren erakusle. Horietako askok familia istorioak gordetzen dituzte, sentimenduen gurpildun museoen parekoak dira. Horrez gain, gure hango hainbat lagun valentziarrak dira, baita parte hartzaile ugari ere, eta hango tragediaz astebetez ahazteko balio izan zien, bizitzaren oinarrizkoenera bueltatuta”, dio.
“Guk azken orduan eta irteera txirrina jotzear dela baino ez dakigu funtzionatzen; halaxe konpontzen gara hoberen”
Kudeaketaz galdetuta, “kudeaketa ezaz” mintzo da ajangiztarra. “Guk azken orduan eta irteera txirrina jotzear dela baino ez dakigu funtzionatzen; halaxe konpontzen gara hoberen”. Urtebeteko tartea edukita ere, autoa proba baino lau hilabete lehenago lortu zuten, eta “azken-azken egunera arte” hura doitzen ibili ziren: “Bilboko irteera eguneko 20:00etan, kotxea tailerrean zegoen oraindik”. Eroan duten materiala ere “kaos antolatu” horren agerkari izan dute: “Desertuan lehiatutako Olabarri Trophy 4L taldekoak adiskide ditugu, baina une batean ere ez zaigu otu haiek zein material eroan zuten galdetzerik. Hori dela eta eroan dugu estera ziztrin bat lotarako; neure bizkar aldeak oraindik ez du ahaztu hango zoru harritsua”.
“Gurpilen abentura” ere kontra izan dute. Takodun pneumatikoak basamortu eremurako egokia izanagatik ere, ez da batere segurua haiekin asfalto gainean ibiltzea. Horrenbestez, Marokora iristeko eta handik itzultzeko, pneumatiko leunak atondu zituzten. Basamortutik bueltatu artean, gurpilak Algecirasko lagun baten biltokian laga zituzten; itzultzean, baina, desagertu egin ziren. “Tangerren itzulerako ferrya galdu genuen, eta hainbat orduz geldi egon ginen; gainera, oraindik Meridaraino joan beharra genuen, bueltako bidea egun bakarrean ez egiteko. Leher eginda harrapatu genuen Algeciras, eta orduantxe kargutu ginen biltokian ez zegoela ezer“.
“Algeciras eta Bilbo arteko 1.100 kilometroak takodun gurpilekin egin behar izan genituen”
Hasieran, “umeren bat” jolasean zela pentsatu zuten, baina bazter batean labanaz zulatutako pneumatikoak topatu zituzten: “Gurpil hagunak lapurtzeko zulatu zizkiguten, eta han botata utzi. Beraz, takodun gurpilekin egin behar izan genituen gainontzeko 1.100 kilometroak”. Tarte haren lehen 100 kilometroak egin barik zituztela, Blasen anaiaren autoko gurpil batek eztanda egin zuen euren aurrean: “Eurak Valentziara zihoazen; gu, berriz, penintsularen iparralderaino. Ezusteko hura nahikoa izan zen bidaia osoa arduratuta egiteko”.
Desertuko bidaiak bereak eman ditu. Baina ez da azkena izango. Oar-Artetak eta Blasek motorra piztu dute, eta aurrera besterik ez dute begiratzen. Chatarras Raiden barruan, hain zuzen, hiru lasterketa daude: beraiek egin duten Merzouga, Marrakex eta Saidia; azken hori daukate begiz jota. “Maiatzean Saidia lehiaketan aritzeko aurretiazko izen ematea egin dugu, baina, zelan funtzionatzen dugun ikusita, oraindik ez diegu inondik inora prestaketei helduko”. Saidia ibilbideak, Marokon hasita ere, Argelia aldera egingo duela aurreratu du abenturazaleak. Garbi dutena da Chatarras Raid egitasmoaren aterkipean lehiatuko dutela: “Gugaz hoberen bat egiten duen proiektua da; guretzat garrantzitsuena ez da denbora aldetik bizkorrenak izatea, han egiten dugun denbora ahal beste zukutzea baino. Basamortu erdian gelditzeak eta presa barik indaba lata bat jateak ez du preziorik”.
“Arazo mekaniko guztiak eta egin dizkiogun tratu txar denak gorabehera, ezin hobeto erantzun du auto koitaduak”
Kotxea ez da eztabaidarako gai: “Auto beragaz lehiatuko dugu, bai ala bai; maiteminduta gaude makina horregaz. Harritzekoa den arren, arazo mekaniko guztiak eta egin dizkiogun tratu txar denak gorabehera, ezin hobeto erantzun du auto koitaduak”.
Bada basamortua pertsonen barrena aldatzeko gai dela dionik. Baliteke bikote honentzat hala izatea. Ze, desertuan bizitakoak han geratu zaizkie, baina ikaspenez, ilusioz eta erretinetan gordeko dituzten momentuz lepo beteriko autoa ekarri dute bueltan. Txikiaren handitasunez. Oinarrizkoenagaz. Ur tantatxoa basamortuaren erdian nola.