Azaroaren 25ean amaituko da Geuretik Sortuak egitasmoan izena emateko epea
Hirugarren aldiz antolatu du Udalbiltzak eta berritasun gutxi batzuekin dator. Bi urtetan 48 sortzaile hautatu dituzte.
Zabalik dago Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak kultur bekan izena emateko epea, astelehenean [azaroak 25] amaituko da. Euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartzea du helburu egitasmoak. Hirugarren aldiz sortu dute eta ordutik “oso esperientzia eta lan aberasgarriak” ekarri ditu. 48 sortzaile hautatu dituzte guztira lehen bi aldietan.
Hain zuzen ere, aurtengoan parte hartu nahi dutenek Udalbiltzako webgunean dute deialdia, oinarriak eta izena emateko prozedura. Deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak bi helbideetara bidali ahal dituzte. Batetik, posta arrunt bidez, Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa. Bestetik, telematikoki, udalbiltzaren webgunearen bidez.
Iaz lehen aldiz komikigintza sartu zuten literatura, antzerkigintza eta zinemagintzagaz batera. Aurten ere berritasun gutxi batzuk sartu dituzte. Antzerkigintzari dagokionez, iaz hautatuetako antzezlan bat kale antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten, gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko dute. Hasiberritzat hartuko dute aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia. “Hainbat eragilerekin hitz egin ostean hartutako erabakia izan da; izan ere, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira, eta Geuretik Sortuak beka oso tranpolin ona izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko”. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da.
Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, antzekoak izango dira oinarriak. “Sortzaileen beharrei ahalik eta era duinenean erantzutea dute helburu, beka Euskal Herrian kokatzeko eta euskal kulturari merezi duen lekua emateko”. Horrez gain, Geuretik Sortuak proiektuak irudi berria dauka, Udalbiltzak logoa berritu baitzuen “presentzia komunikatiboa indartu eta gaur egungo beharretara egokitzeko asmoz”.
Arrakastatsua
Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz”. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren kulturbekak 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu.