Udazkenaren xarma gordetzen duten jaiak
Santa Katalina jaietako ospakizunak ate joka daude Mundakan nahiz Ereñoko Akorda auzoan. Mundakarrek A25eko aldarrikapena eta jaia uztartuko dituzte, lau eguneko ospakizun egitarauagaz.
Udazkena bere bidea urrats irmoz egiten ari da. Egunak laburtu egin dira; eguraldia, hoztu. Edozelan ere, bada oraindik tarterik ospakizunerako, baita herrigintzarako eta epeletan biltzeko ere. Santa Katalina jaiak horren erakusle fidel dira. Busturialdean ospatu ohi dituzte jaiok herritarrek, guztien neurrira prestaturiko egitarauekin, Mundakan eta Ereñoko Akorda auzunean. Ohiturazko jarduera eta egitasmoek betetzen dituzte santakatalinetako ospakizun egitarauak. Zentzu horretan, gastronomia, musika eta pareko ekimen ludikoak izaten dira nagusi. Edozelan ere, egon ohi da berritasunerako tarteren bat edo beste, eta aurtengoa ez da inondik inora gutxiagorako izango.
Mundakan, udazken eta negu sasoiko jairik esanguratsuenetakoak dira santakatalinak, herritarrek beraien agendetan letra gorriz gordetzen dituztenak. Hori horrela, aurten ere ia astebeteko jai egitaraua prestatu dute, ospakizuna goi-goitik bizitze aldera. Egitarau horren lehendabiziko geltokia, hain zuzen ere, iragan asteburuan heldu zitzaien mundakarrei. Gazte Zar Mendiko Taldeak Santa Katalinako Mendi Martxa atondu zuen; ia 100 herritar animatu ziren, 19 eta 12 kilometroko ibilbideez gozatzera. Santa Katalina baselizatik edota Katillotxu mendiaren gailurretik pasatu ostean, martxalari eta herritar giro paregabean elkartu ziren plazan.
Barikuan (azaroak 22), Santa Zezili egunez, herriko musikari taldeetako bik musikarien eguna girotzeko ardura edukiko dute: Jose Mari Egileor Txistulari Taldeak kaleak musikatuko ditu lehenik, eta Mundakako Abesbatzak txanda hartuko dio jarraian. Urteko gainontzeko jaietan legez, txistularien presentzia etengabekoa izango da Santa Katalina jaietan ere: hilaren 22an, 23an, 24an eta 25ean entzun ahalko da txistu soinua udalerrian.
Eltzeak eta lapikoak aterata, jaietako tontorretako bat harrapatuko dute zapatuan: bakailao txapelketa herrikoia. Parte hartzaileek 10:00etan martxan jartzeko ordua edukiko dute, baina beraien kazolak ez dituzte 13:00ak arte aurkeztuko. Epaimahaiak hautu bat hartu bitartean, Josepa Kale Kale arduratuko da jaiak behera ez egiteaz. 14:00etan egingo dute bakailao txapelketaren sari banaketa ekitaldia, plazan, eta orduantxe jakin ahalko da aurtengo garailea nor den.
IGEren umeentzako jolasak Santa Katalina plazatxotik Isla Kale kiroldegira aldatuko lituzkete, euria egitekotan
Azaroaren 25ean, Katalin Deunaren egunean, adin tarte guztiei zuzendutako jai egitaraua edukiko dute herritarrek. Santa Katalina ermita eta plazatxoa izango dira epizentro nagusiak. Izan ere, IGEk antolatuta, umeentzako jolasak egingo dituzte Santa Katalina plazatxoan; eguraldi petrala balego, Isla Kale kiroldegira lekualdatuko lituzkete haurrentzako jolasok. Santuaren ermitan, mezaren ondoren, herriari zuzendutako ohorezko aurreskua egingo du Egunsenti Dantza Taldeak. Plazatxora bueltatuta, Gaur Dala Bihar elkarteak bertaratzen diren guztientzako salda beroa eta pintxo janaldia prestatuko du. Arratsaldean, IGEk buruhandiekin gozaraziko die herritarrik gaztetxoenei.
Azaroaren 25ean, aldarria eta jaia uztartuz, berritasuna edukiko dute: urteroko elkarretaratzeari manifestazioa gehituko zaio
Hilaren 25ean, beste alde batetik, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Izan ere, Katalin Deunaren jaiei Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko ekimenak gehituko zaizkie. Berritasunerako tartea egongo da: plazan egingo duten urteroko elkarretaratzea manifestazioagaz osatuko dute; manifestazio hori Santa Katalina plazatxoan hasiko dute, eta plazan bertan burutu.
Ereñoko Akorda auzoan, astebete beranduago ospatuko dituzte jaiak. Hilaren 30ean, gaztaina erreak jateko elkartuko dira ereñarrak; Roberto Etxebarria, Miren eta Idoia trikitilariek girotuko dute iluntzea. Trikitilari taldeak, gainera, emanaldi bikoitza edukiko du, biharamunean bigarren saioagaz girotuko baitu mezaostea.
EGITARAUA
Ereño (Akorda auzoa)
Azaroak 30, zapatua.
19:00. Gaztainak erretzen hasteko hitzordua, eta Roberto Etxebarria, Miren eta Idoia trikitilariek girotutako erromeria.
Gero. Gaztaina erreak.
Abenduak 1, domeka.
12:00. Meza santua.
Jarraian. Roberto Etxebarria, Miren eta Idoia trikitilariek girotutako erromeria.
Mundaka
Barikua, Santa Zezili eguna.
19:30. Jose Mari Egileor Txistulari taldearen kalejira.
20:00. Mundakako Abesbatzaren emanaldia.
Azaroak 23, zapatua.
10:00. Bakailao txapelketaren hasiera, plazan.
11:00. Jose Mari Egileor txistulari taldearen kalejira.
13:00. Bakailao kazolen aurkezpena.
13:30-15:30. Josepa Kale Kale.
14:00. Bakailao txapelketaren sari banaketa, plazan.
21:00. Elortegi Anaiak.
22:00. The Ke.
Azaroak 24, domeka.
20:00. Jose Mari Egileor Txistulari taldearen kalejira.
Azaroak 25, Katalin Deuna.
11:00. Jose Mari Egileor Txistulari taldearen kalejira.
11:00. IGEren umeentzako jolasak, Santa Katalina plazatxoan.
12:00. Meza, Santa Katalina ermitan.
Ostean. Ohorezko aurreskua.
12:45. Salda beroa eta pintxoak, Santa Katalina plazatxoan.
17:00. IGEren buruhandiak.
18:00. Manifestazioa, Santa Katalina plazatxoan hasita eta plazan amaituta.
18:45. Elkarretaratzea, plazan.