Iker Uriarte, Busturialdeko Bertsolari Txapelketako bigarren saioko irabazle
50 lagun inguru batu ziren Belendizko Auzo Eskola Zaharrean iragan barikuan (azaroak 15): Uriartek lehenengo postua eskuratu zuen, eta Enbeitarekin batera, final handirako zuzeneko txartela eskuratu du. Bigarren postua Lurdes Ondarorentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Koldo Gezuragarentzat.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa martxan dago. Muruetako lehen saioa Onintza Enbeita Maguregik irabazi ostean, bigarren saioa iragan barikuan (azaroak 15) jorratu zen, Belendizko Auzo Eskola Zaharrean. Kasu honetan, Iker Uriarte Urrutia gailendu zen klasifikazioan, eta beraz, Enbeitarekin batera, azaroak 30ean Astran ospatuko den finalerako zuzeneko txartela lortu du: bigarren eta hirugarren postua lortzen dutenek, oraindik final horretara klasifikatzeko lehian jarraitzen dute.
Ohi moduan, sei bertsolarik hartu zuten parte Busturialdeko Bertsolari Txapelketako bigarren saioan: Uriarteren atzetik, Lurdes Ondaro Mallea sailkatu zen bigarren postuan. Hirugarrenean, berriz, Koldo Gezuraga Seijido. Laugarren postua Xabier Enbeitarentzat izan zen. Bosgarrena eta seigarren postuak, Mikel Retolaza Etxebarria eta Julen Ibarguengoitia Ordorika.
“Giro itzela” nagusitu zen Arratzuko Belendiz auzoko txokoan. Bertaratutakoek jakinarazi dutenez, 50 lagun inguru bildu ziren bertan, eta txapelketa honetan egin ohi dutenez, afari-bertsotan murgildu ziren guztiak: “Busturialdeko Bertsolari Txapelketak txokoetan egiten ditugu, eta bertso saioa baino lehen afaria jaten dugu denok batera”. Gauzak horrela, Eskola Zaharra txokoko kideek prestatu zuten bariku gaueko afaria, eta afaldu ostean ekin zioten lehiari, beti ere “giro lagunkoian”.
Estreinakoz, Garoa Oleaga izan zen gai-jartzailea, eta hainbat alorretako gaiak jorratu zituztela nabarmendu dute. Kanpoan bizi ala hemen bizitzearen inguruan hausnartu zuten bertsotan, elkarren arteko elkarrizketak sortuz. Ekologismoa ere izan zen gai bat: berziklapenean zuzendu ziren, batik bat. Objetuekin ere egin ohi dituzte bertsoak, eta besteak beste, biblia, eukaliptoa edota irratia izan ziren hizpide.
Hurrengo kanporaketa Errigoitiko Ikullu Txokoan jokatuko da, barikuan (azaroak 22). Hala nola, Guruz Uruburu, Koldo Muñiz, Eneko Aldana, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Ander Elortegi arituko dira bertsotan, 21:00tatik aurrera. Sarrerak salgai daudela eman dute aditzera, gainera: 15 eurotan eros daitezke 688626504 zenbakira idatziz.