933 kultur berritasun izango ditu Durangoko Azokak
Gaur [azaroak 20] egin dute egitarauaren aurkezpena: 274 erakusmahai eta 153 partaide egongo dira. Abenduaren 5etik 8ra egingo dute Landako Gunean.
Azaroaren amaieragaz batera, gero eta gutxiago falta da abendua heltzeko, eta abenduak Durangoko Azoka esan nahi du. “Gogotsu” daude denak, antolatzaileetatik hasita. Gaur [azaroak 20] egin dute abenduaren 5etik 8ra egongo den kultur egitarauaren aurkezpena San Agustin kulturgunean.
“Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko”, gogoratu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko kideak. Hain zuzen ere, aurten, dei berezia egin gura izan diete kultur zaleei, “kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”.
933 berritasunez gozatuko ahalko dute bertaratzen direnek. Landako Gunean 274 erakusmahai jarriko dituzte 153 partaideren artean. Hori gutxi ez, eta 200 ekitaldi inguru programatu dituzte. Esaterako, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, “euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide”.
Ohiko guneak mantenduko dituztela iragarri dute gaurko aurkezpenean. Talaian, urtero legez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egin dute, eta gainera, Euskaraldiaren kantua ezagutzera emango dute. Museoan, berriz, Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa jarriko ditu ikusgai azaroaren 28tik aurrera. Horrez gain Basterretxeari omenaldia egingo diote abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Ahotsenean, 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dituzte.
Iazko eredua mantenduko dute ordutegiari dagokionez, azoka 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, baina domekan 18:00etara aurreratuko dute itxiera
Irudienean, euskarazko zinemagintzaren plazan, 40 lan proiektatuko dituzte. Kabian, euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko ditugu, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! Aplikazioa. Haurrek gunea ostera ere Saguganbara izango da eta bertan 25 ekitaldi osatuko dituzte. Azkenik, Szenatokian, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte. Horietako hainbat sexualitateagaz eta genero gaiagaz lotuta daude.
Baliagarria
Egitaraueko nondik norakoak azaltzeaz gain, antolatzaileek Durangoko Azokarako zenbait ohar helarazteko baliatu dute. Ohi bezala, lehen egunean Ikasle Goiza egingo dute eta abenduaren 6an Gazte Eztanda egun osoko jaialdia egingo dute Landako plazan jarriko duten karpan. Horrez gain, iazko eredua mantenduko dute ordutegiari dagokionez, azoka 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, baina domekan 18:00etara aurreratuko dute itxiera.
Era berean, gogoratu dute indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest dutela eta puntu moreak jarriko dituztela Durangon. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eroango duten antolatzaileak izango dira puntu more horiek.
Durangoko Azokaren 60. aldia ospatuko dute datorren urtean, eta horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko.