Txapeldunak bizi-bizirik dira
Winter Seriesen laugarren saioan, Erkiaga eta Ibarluzeak 2 eta 0 irabazi diete Olharan eta Zabalari, eta ia ziurtatuta dute finalerdietarako sailkapena lortzea.
Eusko Label Winter Seriesko egungo txapeldunek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, aurreko aldiko balentria errepikatzeko prest daudela frogatu zuten atzo [azaroak 18], Jean Dominique Olharan pauetarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra 2 eta 0 menperatuta. B multzoari zegokiona izan zen txapelketaren laugarren jardunaldia, eta gogoratzeko modukoa izan zen: ikusleek partidu bizkorra, erremate ugarikoa eta emozioz beterikoa ikusi zuten.
Lehen jokalditik, partidua alde ipini zitzaien Erkiaga eta Ibarluzeari. Lehen tantoa saihetsez egin zuen Ispasterkoak, eta ordutik aurrera argi geratu zen larrosei egokituko zitzaiela ardura hartzea. Halaxe izan zen. Olharanek tarteka tanto ederrak borobilduagatik ere, txapelaren defendatzaileek pitzadurarik gabeko jokoa kantxaratu zuten. Aipagarria izan zen, Erkiagaren ohiko distiraz gain, Ibarluzeak atzean erakutsi zuen segurtasuna. 11 eta 4koagaz, unean-uneko emaitza kantxan ikus zitekeenaren isla garbia baino ez zen. Olharanek eta Zabalak asmatu zuten setaren azken zatian emaitza apur bat txukuntzen, baina une batean ere ez zuten bistaratu markagailua iraultzeko besteko indarrik. Lehen seta 15 eta 9 irabazi zuten Erkiagak eta Ibarluzeak.
Bigarren seta hasi bezain pronto, aldaketa plazaratu zuen bikote zuriak; bizkorrago eta eraginkorrago atera ziren kantxara. Horrek 1 eta 4ko lehen abantaila eman zien, Erkiagaren hutsak tarteko. Launa, bosna eta seina joan ostean, tanto bi aurretik, 8 eta 6, iritsi ziren atsedenaldira larrosak. Aipagarria izan zen 11 eta 7koa: ispastertarrak hirutan bota zuen pilota atzera, arerioak hiru aldiz lurrera etzanarazi zituen, baina, azkenean, Erkiagak berak eskumaz eginiko horma bikoagaz borobildu zuen jokaldia.
Neurketa irauli asmoz
Bigarren setaren azken txanpa izan zen sutsuena. Olharanek eta Zabalak norgehiagoka poltsikoratzeko aukerekin ikusi zuten beren burua. Esan eta egin. Lehenik, markina-xemeindarrak txapa gainean moztu zuen 11 eta 8a ekarri zuen pilotakada; 12 eta 9koan, Erkiagak huts egin zuen. Jarraian, pauetarraren erakustaldia iritsi zen: Olharanek dena laga zuen kantxan, gorputz eta arima, eta hamabiko berdinketa behartu.
Ura lepora iristear zutela, larrosek azken kolpea eman zuten mahai gainean. Erkiagak Olharanen sakea airez maisuki errematatu zuen, eta jarraian, Zabalak ezker paretan gora bota zuen pilota. 14 eta 12koagaz, Erkiagak eta Ibarluzeak azken bala baliatu zuten, eta azken tirokada hura behin betikoa izan zen: 15 eta 13ko garaipena eta B taldeko lidergoa.
Partidua amaituta, Erkiaga eta Ibarluzea pozik azaldu ziren, hasieratik lehiakor abiatzeak duen garrantzia aipatuz. «Lehen errematea ondo ateratzen denean, konfiantzak gora egiten du; bagenekien beraiek erasora joko zutela, eta estrategia berberagaz erantzun diegu», argitu zuen Erkiagak. Bigarren seteko hutsei buruz, Ibarluzeak adierazi zuen aurkarien maila igoerak zerikusia izan zuela: «Akats batzuk egin ditugu, baina beraiek hobeto jokatu dute, eta ikusleak jesarlekuetatik altxarazi dituzte; horrek hegalak eman dizkie, eta guri bigarren setaren une jakin batzuetan gogotik sufritzea egokitu zaigu».
Ondorio nagusiak
8 puntugaz eta 14 tantoko average-agaz, Erkiaga eta Ibarluzea multzo nagusi dira, finalerdietara sailkatzeko aukera piloagaz. Olharan eta Zabala ere sailka daitezke, baina egoera iluna dute: punturik gabe dira, eta 13 dituzte kontran. Agertoki bakarrak balio die: Thomas Urrutia-Thibault Basque eta Johan Sorozabal-Unai Lekerika bikoteekin hiruko berdinketa egitea, denak lau puntugaz. Aurkako average-agaz, aurrera egiteko ez dute inondik inora ogibide errazik edukiko.
Datorren astelehenean, A multzokoek jokatuko dute: Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, aurtengo ezusteko handia, Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidorren aurka. Zesta-punta eskoletako umeak ere ez dira faltako; atzo, Markina-Xemeingoak aritu ziren.