TAE Gernikak 42 domina lortu ditu Seul Kopan
TAE Gernika Klubak goi mailako parte hartzea eduki du Seul Kopan. Klubak lehiaketaren balorazio positiboa egin du, denetariko lehia modalitateetan lehiakor agertu baitira.
Asteburu aparta borobildu du TAE Gernika Klubak. Iragan zapatuan (azaroak 16), Gernika-Lumoko taekwondo taldeak goi-goitik lehiatu zuen Santanderko (Kantabria) ITFko Seul Kopa. Guztira, taldeko 33 taekwondistaz osatutako “talde ederra” aritu zen hainbat tokitatik bertaraturiko 250 aurkarien kontra, zein baino zein gehiago. Maila handian agertzeaz gain, uzta ederra jaso zuten gernika-lumotarrek: 42 domina poltsikoratu zituzten. Horietako bederatzi urrezkoak izan ziren; gainontzeko hamabi eta hogeita bi dominak, hurrenez hurren, zilarrezkoak eta brontzezkoak izan ziren.
Gernika-Lumotik joandakoez gain, besteren artean, Kantabriatik, Barakaldotik, Sant Vicens Dels Hortsetik edota Masquefatik bertaraturiko klubek parte hartu zuten. 09:00retan ipini zuten abian lehiaketa, eta “elkarren arteko errespetu handiz” aritu ziren lehiakideak, denetariko lehia modalitateetan: tuls-formetan, taldekako tuls-formetan, aurretiaz ezarririko borrokan edota borroka eran.
6 eta 9 urte bitarteko txikien taldeak estreinakoz parte hartu zuen tankerako txapelketa batean, eta zelan parte hartu, gainera: gaztetxoenek urrezko hiru domina irabazi zituzten, baita zilarrezko bi eta brontzezko hiru ere. Taldetik adierazi dutenaren arabera, “esperientzia polita” izan zen: “Parte hartzaileek sentsazio oso onak erakutsi zituzten tatamian; halaber, kategoria horretako partaide gehienak neskak izan ziren”.
Daniel Urbez: “Oso pozarren gaude bai taldeak emandako erantzunagaz, bai sortu zen giro paregabeagaz”
Seul Kopa, zerbait izatekotan, “taldea finkatzeko modua” izan dela nabarmendu nahi izan du Daniel Urbez instruktoreak: “Oso pozarren gaude bai taldeak emandako erantzunagaz, bai sortu zen giro paregabeagaz”. Era berean, Urbezek hala gazte, nola senior lehiakideak zoriondu gura izan ditu, beraiek laguntzen joandako senideez gain, “TAE Gernika klubaren bitartez erakutsitako sostenguagatik eta parte hartzeagatik”.
Hurrengo erronka, begibistan.
Konpetizioaren segidak ez du etenik edukiko gernika-lumotarrentzat. Izan ere, asteon Malaga Openean ariko dira lehiatzen. Hain zuzen, datorren domekan (azaroak 24) izango da Andaluziako txapelketa. Klubetik aurreratu dutenez, hamabost parte hartzaile joango dira, bertan lehiatzera.