Jolas eta kulturaren uztartzeak inoiz baino jende gehiago bildu du
400 pertsona inguru batu ditu Hazitoki Topaketen laugarren ekimenak, merkatu plazan. Antolakuntzatik "harrituta eta hunkituta" agertu dira jendearen harreragatik.
Domekan (azaroak 17), laugarrenez bete zuten Hazitoki Topaketek Gernika-Lumoko merkatu plaza. Izan ere, 11:00etan hasi eta egun guztian zehar hainbat ekintzaz gozatzeko aukera eskaini zuten topaketek, beste behin: antolatzaileek balorazio “baikorra” egin dute: lau urteetatik onena. “Harrituta” agertu dira, 400 pertsona inguru bildu baitziren merkatu azokan egun osoan zehar.
Bat baino gehiago dira ekimen hau antolatzearen arrazoi eta helburuak: alde batetik, behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea dute jomuga, āpertsona guztiak benetan gizarteratzen lagunduzā. Bestetik, ordea, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den zirku inklusiboaren proiektuarentzako dirua ateratzea, monitoreen soldatak ordaintzeko eta materiala egokitzeko. Gauzak horrela, merkatu plazan ekarpen ekonomikoak egiteko zenbait gune ahalbidetu ziren egun osoan zehar. Antolakuntzatik hunkituta agertu dira, jendeak ekonomikoki ere asko lagundu zuelako: “Ez dugu bildutako diru guztia zenbatu, baina 1.200-1.300 euro batu ditugula uste dugu”.
Zirku tailer inklusiboa, eskulanak, aurpegi margoketa, globoflexia, zirezko jolasak eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zirko eskolako galaz gozatzeko aukera izan zen, besteak beste, 11:00etatik 19:00etara bitartean, merkatu plazan, domekan. Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola, Barakaldoko Zirkodomoa eta Gasteizko Azirkarteko ikasleak eskaini zuten arratsaldeko ikuskizun hori, gainera: “Hazitoki proiektuaren helburua da behar bereziak dituzten pertsonak zirkuan integratzea, zirkua gizarteratzeko tresna edo bide bezala erabiltzeko. Gogoratu nahi dugu denok dauzkagula behar bereziak; denok gara zeozertarako gai, eta, aldi berean, ez gara gai beste gauza batzuetarako”. Horreez gain, iaz abian jarri zuten Lizeo Antzokiko ikuskizunagaz jarraitu dute bigarrenez jarraian. Izan ere, Zirko Txoskoren eskutik, Tavole ikuskizuna eskaini zuten, eta aditzera eman dutenez publikoari “izugarri” gustatu zitzaion, eta umeak harriturik ikusi zuten ikuskizun osoa.
Merkatu plaza “jendez gainezka” egon zen domekan, eta parte hartzaileei zein bertan bildutako herritarrei eskerrak eman dizkiete antolakuntzatik, batik bat, beraiek gabe “ez litzatekelako posible izango” egun hau aurrera ateratzea: “Oso garrantzitsua da guretzat denak topaketan egotea. Inklusiborako proiektuak egiten ditugunontzat ezinbestekoa da beste aldean jendea egotea”.