Janire Arrizabalaga bertsolaria BBK sariketako finalean egongo da
Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikiak hartu zuen atzo Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehenengo finalaurrekoa, eta, B multzoko lehian gailenduta, finalerako txartela lortu zuen Team Rocket bikotearen parte den bertsolari gernikarrak. Finala abenduaren 5ean izango da Zornotzan.
Bertsolari gazteen bilgune izan zen atzo (azaroak 18) Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikia. Bertsolari Gazteen 32. BBK Sariketako lehen finalaurrekoa lehiatu zuten bertan, eta finalean egoteko txartela lortu zuten Sagutxo kaskarinak 2.0 taldeko eta Team Rocket taldeko bertsolariek; azken bikote horren parte da Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra, Ixone Asategigaz batera.
Lehenengoak 18 urtera artekoen lehian nagusitu ziren, Arrakalak loratu taldeari gailenduta. Bigarrenak, berriz, 25 urtera artekoetan parte hartu zuten, eta Ai Zapotxin! eta Malla 2 bikoteei irabazi zieten.
Saioa “giro oso onean” joan zela diote antolatzaileek, eta Etxahun Lekue izan zen gaiak jartzeko ardura izan zuena. Epaimahaia, berriz, Ainhoa Arregi Elosuak, Beñat Romero Maguregik eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu zuten, eta idazkari beharra Idoia Anzorandia Kareagak egin zuen.
Sariketako hurrengo hitzordua Mungiako Mugire txokoan lehiatuko duten beste finalaurrekoa izango da, bihar (azaroak 20). A multzoan, Puntuak eta komak eta Xarmengarriak gira ariko dira, eta B multzoan Okerbidea, LGBTaket eta Rara Avis.
Multzo bakoitzeko talde irabazleek finalerako sailkapena lortuko dute, eta zain izango dituzte Gernika-Lumoko saioko irabazleak.