Etorkintza Fundazioaren 40 urteak ospatuz eta konpromisoa aldarrikatuz
Etorkintza Fundazioaren erakusketa ibiltaria Gernika-Lumon egongo da, azaroaren 29a arte. 40 urteak ospatzeaz gain, adikzioak prebenitzeko eta desagerrarazteko konpromisoaren garrantzia aldarrikatu nahi dute fundaziotik.
1984an sortu zen Etorkintza Elkargoa, eta ordutik mendekotasunak dituzten pertsonen eskubideak babesten eta aldarrikatzen jarduten du. Heroinaren kontsumoak eta GIBak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarteari eragin zizkioten arazo larriei erantzuna emateko sortu zuten elkargoa duela 40 urte, eta haren funtzioak gizartearen beharrekin batera garatu dituzte gaur egunera arte. Ospakizunaren barnean hainbat ekintza antolatu dituzte, eta horien artean dago Gernika-Lumoko Merkurio Iturriaren inguruan finkatutako erakusketa ibiltaria.
Atzo, erakusketaren aurkezpenean jakinarazi zutenez, azaroaren 29a arte egongo da foru herrian erakusketa. Besteak beste, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zuzendaria den Ana Hormaetxe, BBK-ko Pertsonen Arloko arduraduna den Ixone Zubieta, Etorkintza Fundazioaren kide diren Iragartze Garai eta Salvia Hierro eta Etorkintza Fundazioak Kortezubin tratamendurako sortutako zentroko erabiltzaileak izan ziren erakusketaren aurkezpenean, atzo goizean.
Gaur egun
Aditzera eman zutenez, Etorkintzaren funtzioak gizartearen beharrizanak aldatu diren moduan aldatu dira, zehazki «mendekotasunen fenomenoari heltzearekin» lotuta. Bizkaiko 24 udalerritan lan egiten du gaur egun fundazioak, eta bere ekintza eta jarduerekin 207.101 bizilaguni lagundu diela nabarmendu zuten: «305 ikastetxe baino gehiago lagundu ditugu, eta 4.531 irakasle eta 130.781 ikasle baino gehiago prestatu ditugu mendekotasunak prebenitzeko. Zenbait programen bidez, 7.097 nerabe eta gazte ere artatu ditugu eta seme-alabak hezteko prozesuan, familiekin ere bat egin dugu, sarri».
Gauzak horrela, 40. urteurrenaren ospakizunaren artean, aldarrikapenerako tartea ere hartu nahi izan dute: «Elkargoaren presentzia soziala eta haren nortasunen ezaugarriak berreskuratzea beharrezkoa da, mendekotasunak dituzten pertsonen beharrak ezagutzera ematea eta beraien eskubideak babestea beharrezkoa den bezala», azpimarratu zuten elkargotik. Ildo beretik, estigmak apurtzearen beharra mahaigaineratu zuten: «Hausnartzea falta da. Estigmak haustea. Gizarteak eztabaidatzea eragitea. Hobekuntzak proposatzea». Era berean, instituzioek eta erakundeek mendekotasunak dituzten pertsonekin esku hartzeko ematen duten laguntza aitortu nahi izan zuten elkargoaren izenean, eta Hierrok adierazi zuen adikzioen problematikak «erantzun globala» behar duela; erantzun horretan, gizarteak eta norbanako guztiak, oro har, «berebiziko eginkizuna» dutela azpimarratu zuen.
Hormaetxek, halaber, Etorkintza Fundazioa zoriondu zuen, 40 urtetan gizarteratze arloan egindako ibilbide eta lanarengatik: «Etorkintzak lotura berezia izan du gure eskualdearekin, 1986. urtean Kortezubin Tratamendurako Zentroa zabaldu zutenetik, lan aparta egin dute, eta horren adierazle da gaur hemen aurkeztu dugun erakusketa». Gogoratu zuenez, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak duela sei urte hasi zuen Etorkintzarekin elkarlana, «proiektu berritzaileak martxan jarri eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko» asmoarekin. «Gaurko honetan, elkargoari gure esker ona adierazi nahi diogu, erakusketa hau gure eskualdean jartzeko proposamena egin digutelako, honela, gure herrietan gizarteratze arloan egindako lanari ikusgarritasuna eman ahal izango diogu-eta», gaineratu zuten.
Zubietak Hormaetxeren hitzak berretsi zituen, eta antolatutako erakusketa bezalako ekitaldietan parte hartzea «plazer hutsa» dela azpimarratu ere egin zuen. Ikuspegia atzera bota, eta Etorkintzaren eta BBK-ren elkarlanaren sorrera azaldu zuen: «Duela 40 urte Etorkintza Elkargoak beraien proposamen eta ideia jakinarazi eta mahaigaineratu zigunean, ez genuen zalantzarik izan, eta denon artean helburu beraren azpian lan egiten hasi ginen, gizarteak etengabe jasaten dituen aldaketekin bat eginez». Horrez gain, Etorkintza Fundazioa goraipatu zuen: «Horrelako erakunde gehiago behar ditugu, edozein egoeren aurrean aurpegi ona jarri eta aurrera egiteko irtenbideak bilatzen dituztenak, gizartea hobetzeko».
Sei hilabeteko ospakizuna
40. urteurrena sei hilabetetan zehar ospatuko dutela jakinarazi zuten atzoko agerraldian. Horretarako, hamaika jarduera antolatu dituzte elkargotik. Herriz herri joango den erakusketa ibiltariaz gain, elkarrizketa eta hitzaldi multzoa, kontzertuak eta sektoreen arteko topaketak prestatu dituzte, besteak beste.