Ekintzaz eta giro ederrez betetako asteburua, Natxituan
Laga Jam taldearen kontzertua, Lapatzara irteera eta Go!azenen aurrestreinaldiaz gozatu dute natxituarrek asteburuan.
Barikuko, zapatuko eta domekako planek jendez bete zuten asteburuan Natxituko Bolatokia. Musika, bisita gidatua eta ikus-entzunezko proiekzioa izan dituzte aukeran natxituarrek, eta ekintzek izandako parte hartzeagaz “oso gustura” geratu dira Natxituko Jai Batzordeko antolatzaileak.
Izan ere, barikuan, 40 lagun inguru batu ziren Laga Jam taldeak eskainitako kontzertu “gozo bezain familiartekoan”. Giro ederra sortu zen Bolatokian, eta publikoaren parte hartzea ere izan zen, baten bat animatu baitzen abestera. Hala, gustura geratu ziren kontzertuagaz bai taldekideak, bai antolatzaileak, bai ikusentzuleak.
Zapatuan, berriz, Lapatzako Flyscheko ibilaldi gidatuan izan zuten Jon Zamalloa geologoagaz. Hala, Zamalloagaz Natxituko lapatzari buruzko beste begirada bat bereganatu zuten parte hartzaileek, baita horri buruzko ezagutza handiagoa ere. “20 bat lagun batu gara eta Jonek emandako azalpenekin oso oso gustora geratu gara parte hartzaileok”, adierazi dute.
Eta, azkenik, atzo (azaroak 17), Go!azenen denboraldi berriaren aurrestreinaldiaz gozatzeko aukera izan zuten 30 ume inguruk.
Horiek horrela, jai batzordekoek azpimarratu dute orain arteko ekintza guztiak “oso arrakastatsuak” izaten ari direla. Eta hala segitzea espero dute, izan ere, eguenean, 18:30etik aurrera, aurtengo berritasunetako bat hurbilduko da herrira: Remo di Flippo talde italiarraren eskutik txotxongilo emanaldia izango dute Bolatokian.
Egitaraua
- Eguena. 18:30ean, Txontxongilo emanaldia Bolatokian: Remo di Flippo talde italiarraren eskutik.
- Azaroak 23, zapatua. Talo jana eta sagardo txotxa, 13:00etan, Bolatokian.
- Azaroak 24, domeka. 12:30ean hasita, gitarra jo eta kantuz, Iñigo Lopez artistagaz.
- Azaroak 30, zapatua. 17:00etan, Mus Txapelketa Bolatokian.
- Abenduak 7, zapatua. Bertso afaria Maialen Lujanbiogaz eta Unai Iturriagagaz, 21:00etan, Bolatokian.
Argazkiak: Natxituko Jai Batzordea.