Busturia eta Murueta arteko sarbideak berrantolatzeko lanak amaitzear daude
Hiru astetan amaituko dituzte obra lanak. Lanokin errepidearen zein oinezkoen segurtasuna hobetuko dute San Kristobalen.
Hiru asteko epean amaituko dituzte BI-3215 errepidean, Busturia eta Murueta artean, sarbideak berrantolatzeko eta trafikoa baretzeko lanak. Iazko uztailean hasi ziren 2.701.892,37 euroko aurrekontua duten lanokin, eta hamabost hilabete behar izan dituzte horiek egiteko.
BI-3215 errepidea San Kristobal auzotik igarotzen den tartean bidearen segurtasuna hobetzea, trafikoa baretzea eta Muruetan amaitzen zen bidegorriaren jarraitutasuna bermatzea izan dira esku hartzearen helburuak, baita eremu horretako oinezkoentzako ibilbideak optimizatzea ere.
Hala, 40 metroko diametroa duen biribilgunea eraiki dute, trafikoa baretzeaz gain, plangintzan etorkizunerako aurreikusita dauden udal bideetako irisgarritasuna hobetuko duela iritzita, bai mendebalderantz Altamira auzoagaz, bai ekialderantz egoitza dagoen eremurantz. Eta, diotenez, biribilgunea «funtsezkoa» da arriskutsuak ziren biraketa eta maniobrak berrantolatzeko, ikuspen «eskasa» zegoelako galtzadako bi sarbideetan.
Ondorioz, orain, San Kristobal auzoa «seguruagoa eta atseginagoa» da bizitzeko, Aitor Aretxaga Busturiko alkatearen berbetan: «Obra honegaz oinezkoa lehenetsi dugu, auzoa gizatiartu dugu hirigintzaren ikuspegitik, eta horrek San Kristobalera bizi kalitate hobea ekarriko duela uste dugu. Biribilguneari esker, Altamirako eta San Kristobaleko sarbideetan ibilgailuek ikuspen eta segurtasun handiagoa izango dutelako».
Era berean, errepidearen bi aldeetan baterian aparkatzeko egon diren plazak kendu dituzte, aparkatzeko maniobrei lotutako arriskuak murrizteko. «Espaloiak zabaltzeagaz batera, familia asko bizi diren ingurua atseginagoa izatea gura dugu, eta, oinezkoen segurtasuna hobetu nahi dugu», nabarmendu du alkateak.
Alde horretatik, udalak udal titulartasuneko espaloien tartea berritzeko asmoa dauka, hainbat puntutan hondatuta dagoen zorua egokitzeko eta espaloiak zabaltzeko obran jarritako lauzak bateratzeko. Eredu bera aukeratu dute herrian egingo dituzten berrikuntzetarako, herriaren hirigintzari estetika «koherentea» emateko. Espaloien obra horiekin datorren urtean hastea aurreikusi dute: «Espaloi horietan herritarrentzako gune txikiak sortzea aurreikusi dugu».
Hain zuzen ere, ingurua hobetzeko bigarren fase bat ere egingo dute, eta Aretxagak horretan zer egingo duten aurreratu du: «Finantziazioa daukagu, Altamira auzorako adarra –funtsezko zati bat–, 2025ean egiteko. Eskerrak eman behar dizkiogu aldundiari emandako laguntzagatik, proiektuaren premia ulertu duelako. Izan ere, milioi bat euro inguruko inbertsioa da, eta udalak ezingo lioke horri berak bakarrik aurre egin». Gogoratu du jende asko bizi dela Altamiran, eta gainera, gune horrek herriko funtsezko azpiegiturak batzen dituela: eskola, haur eskola, kultur etxea, kirol ekipamenduak eta ostalaritza zerbitzuak. Gainera, aurreikusi dute San Kristobalgo adarrean etxebizitza tasatuak ere 2025ean egitea.
Busturiaz gain, Muruetan ere espaloi tarte berriak egin dituzte, baita oinezkoen pasabide bat ere, BI-3123 errepidearekiko elkargunean, «oinezkoen segurtasuna hobetzeko». Proiektuaren barruan, bidegorri tarte berri bat ere egin da, Muruetan dagoenari jarraipena emateko, eta, tarte hori, errepidetik bereizi eta berdeguneetatik igarotzeko egokitu dute, amaieran udal bide bategaz lotzeko.
Bidegorria. Diotenez, trazadura berri horrek bizikleta mugikortasuna «erraztuko» du Busturiko bidegorriaren hasieraraino, eta, ondorioz, txirrindularientzako lotura «arin eta segurua» osatu dute. Julen Karrion Muruetako alkateak adierazi du euren lehentasuna izan dela «mugikortasun eta irisgarritasun seguruak» eskaintzea: «Udaletik gure herriaren beharretarako irtenbideak bilatzen ditugu, eta, horregatik, aldundiagaz batera lan egin dugu bidegorriaren oinezkoen azpiegitura hobetu ahal izateko». Alkateak dio azpiegitura horri esker, bai herritarrak, bai eskualdeko bizilagunak, autorik barik mugitu daitezkeela. Eta, helburu horregaz jarraitzeko, Karrionentzat «lehentasuna da» bidegorria ondo argiztatuta egotea.
Nabarmendu dute obra «konplexua» izan dela teknikoki, altuera handiko ezponda induskatu behar izan dutelako, eta baita prozesuan trafikoa funtzionaltasunez mantendu dela ere, errepidetik batez beste 7.000 ibilgailu igarotzen direlako egunean, horietako asko (% 7,5) ibilgailu astunak izanik.