Palestinan justizia berrezartzeko "berehalako neurri koordinatuak" eskatu dituzte nazioarteko juristek
Palestinaren aldeko lege borroka – Erronkak eta aukerak izeneko nazioarteko jardunaldi juridikoen lehen saioa egin zuten zapatuan, Bilbon, eta Nazioarteko Justizia Gortearen 2024ko irailaren 18ko Ebazpena berehala aplikatzeko eskatu zuten mundu osoko juristek Gernikatik.
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, Yala Nafarroak eta The European Association of Lawyers for Democracy and Human Rights elkarteek elkarlanean antolatuta, Palestinaren aldeko lege borroka – Erronkak eta aukerak izeneko nazioarteko jardunaldi juridikoen lehen saioa egin zuten zapatuan eguerdian Bilbon. Arratsaldean, Gernika-Lumon, mundu osoko juristek Nazioarteko Justizia Gortearen 2024ko irailaren 18ko Ebazpena berehala aplikatzeko eskatu zuten.
Izan ere, nazioarteko komunitateak “gehiegikeria” horien aurrean daroan “gelditasun jarrera onartezina” dela salatu zuten, eta berehalako neurri koordinatuak eskatu zituzten, “nazioarteko zuzenbidea betetzeko, Palestinako herriarentzat justizia berrezartzeko eta autodeterminazio-eskubidea erabat aplikatzea bermatzeko”.
Dimentsio juridikoak bezain besteko garrantzia dutela borroka politiko, sozial, kultural eta sinbolikoek, Gernikatik Palestinara, Nazioarteko Justizia Gortearen ondorioekin bat egin zuten juristek, Israelen okupazio luzeak “asentamenduen hedapen sistematikoak eta politika diskriminatzaile errotuek” nazioarteko zuzenbidea urratzeaz gain, Palestinako herriaren oinarrizko eskubideen urraketa “larria” ere eragiten duela aintzat hartuta: “Lurrak konfiskatzea, nahitaezko lekuadatzea eta Israelek okupatutako lurralde palestinarrean asentamenduak ezartzea legez kanpokoak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera, Israelek berretsitako 1949ko Genevako Laugarren Konbentzioa barne. Palestinako autodeterminaziorako eta subiranotasunerako eskubidearen urraketa dira”.
Gainera, Israelek Palestinako lurralde okupatuan instituzionalizatutako “apartheid politikek gizarte bereizi bat” sortzen dutela salatu zuen, non palestinarrei –euren nazionalitatea eta etnia dela eta– “sistematikoki ukatzen” zaizkien “oinarrizko eskubideak, joan-etorrietako askatasuna eta baliabideak eskuratzeko berdintasuna. “Apartheid erregimen horrek –palestinarrak diskriminatzen dituzten lege eta praktiketan oinarritua– Arraza Bereizkeria Mota Guztiak Ezabatzeko nazioarteko Konbentzioa urratzen du, Israelek 1966an sinatua eta 1979an berretsia”, gehitu zuten. Izan ere, nahitaezko hutsarazteen, etxebizitzen eraispenen eta indar militarraren ohiko erabileraren politika “garbiketa etnikorako estrategia baten baliokidea” dela salatu zuten nazioarteko juristek, nazioarteko zuzenbide humanitarioan ezarritako arauak urratzen dituztela esanez.
Gazako egoera “katastrofikoa” da, biztanleriari murrizketa “zorrotzak” ezarri zaizkio, baita etengabeko blokeoa eta behin eta berriz egindako operazio militarrak ere, bizitza galera “izugarria” eragin dutenak eta “bizi ezinezkoak diren bizi baldintzak” sortu dituztenak. Ekintza horiek Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzen dutela salatu zuten Gernikatik, “nahita eragin dietelako kalte palestinarrei, eta epe luzera ondorioak izango dituelako euren biziraupenean, duintasunean eta etorkizunean”.
Egoera “jasanezin” eta “legez kanpoko hori” palestinarrentzat “bidegabekeria larria” izateaz gain, juristen ustetan, “etengabeko mehatxua” ere bada eskualdeen egonkortasunerako eta munduko bakerako. “Israelek Palestinako lurralde okupatuetan egiten dituen legez kanpoko ekintzek eta Israelek Libanoren aurka egiten duen erasoak munduko ordena juridikoaren sinesgarritasuna ahultzen du eta zigorgabetasun aurrekari arriskutsua ezartzen ditu. Politika horien iraunkortasunak areagotu egiten ditu tentsioak Ekialde Ertain osoan, ezegonkortasun ingurune bat sortuz, indarkeria zikloak iraunaraziz eta bake iraukorra lortzeko ahalegin esanguratsu oro oztopatuz”.
Ekintzak aldarri.
Hori dela eta, Nazio batuen Batzar Nagusiek aurtengo irailaren 18ko ebazpenean adierazitako betebeharrak kontuan hartzeko deia luzatu zuten Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, Yala Nafarroak eta The European Association of Lawyers for Democracy and Human Rights elkarteek.
Palestinarren autodeterminazioa babesteko deia luzatu zuten: “Estatuek aktiboki lan egin behar dute Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzeko. Hala, palestinarren subiranotasunaren eragozpen sistemikoak desegin behar dituzte, eta lurralde egonkortasunerako funtsezko elementuak onartu”.
Horrez gain, Israelen legez kanpoko ekintzak ez onartzeko eskatu zuten, “ebazpenak estatuak behartzen dituelako Israelen legez kanpoko presentzia zilegitzat ez onartzera”. Ondorioz, nazio guztiek Israelek Palestinako egitura fisiko, demografiko edo instituzionalari ezarritako edozen aldaketa babestea saihestu behar dutela adierazi zuten. Halaber, Israel NBEren Batzar Nagusiko kide izatea eteteko exijitu zuten, “nazioarteko zuzenbidea etengabe urratzen duelako eta NBEren ebazpenak mespretxatzen dituelako”.
Beharrezkotzat jo zuten Apartheidaren aurkako NBEren Komite Berezia berrezartzea: “Batzorde hori berrezartzeak nazioarteko komunitateari ahalmena emango lioke Israelen apartheid-aren antzeko praktikak ikertu, dokumentatu eta jorratzeko, palestinarrei kontuak ematea eta justizia sustatuz”.
Gainera, okupazioari laguntzen dioten laguntza mota guztiak amaitzea aldarrikatu zuten. “Debekatu egin behar dira Israelek palestinarren baliabideak kontrolatzea dakarten edo ahalbidetzen duten merkataritza akordioak”, gehitu zuten, eta okupazioa babesten duten pertsona zein erakundeei zehapen espezifikoak aplikatzea ere eskatu zuten; esaterako, bidaiatzeko debekua edo aktiboak izoztekoa.
Okupazioan zehar lekualdatutako palestinarrei jatorrizko bizilekura itzultzen uzteko eta Israelek Palestinako Lurralde Okupatuan kaltetutako pertsona fisiko zein juridio guztiei egindako kalteak konpontzeko nazioarteko mekanismo bat ezartzea exijitu zuten, “legezkontra egindako ekintzek eragindako kalte eta galera guztiak konpontzeko”.
Nazioarteko erakundeek Isralek Palestinako Lurralde Okupatuan legez kanpo egotearen ondoriozko egoera legezkotzat ez onartzeko “betebeharra” dutela gogoratu zuten, baita iraileko ebazpenak Genevako Laugarren Konbentzioko Tratatugile Gorenen konferentzia deitzea eskatzen duela ere, “Palestinan zibilen babesa betearazteko”. Jakinarazi zuten konferentzia hori sei hilabeteko epean deitu beharko litzatekeela.
Eta, horrez gain, NBEren esparruan nazioarteko konferentzia bat deitzea babestu zuten, ebazpenean adierazi bezala, “autodeterminazioari eta Palestinako estatu izetari heltzeko”. “Konferentzia hori funtsezkoa da Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra lortzeko bidean aurrera egiteko”.
Hala, Gernikatik, erantzukizun globalarekiko eta justiziarekiko konpomisoaren alde egin zuten, haritzetik olibondora: “Dei egiten diegu zuzenbideko profesionalei, gizarte zibileko erakundeei eta estatuko agintariei aurtengo iraileko ebazpena berehala onartu eta aplikatzearen alde lan egiteko. Ebazpenak aplikatzeak justizia egingo die palestinarrei, eta Ekialde Hurbilean bakea eta egonkortasuna lortzen lagunduko du”.