Gizarte inklusiboagoan bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek
Bizkaiko 300 ikasleek umeek pertsona guztien duintasuna bermatzen duen gizartea eskatu dute, gaitasun desberdinak zalantzan jartzen dituzten etiketak ezabatuz, Umeen Eskubideen Nazioarteko eguna baino bi egun lehenago.
Dibertsitate funtzionala duten umeen alde agertu dira gaur Gernika-Lumoko Batzarretxean batutako lurraldeko 300 ikasleak. Osoko bilkura txikian parte hartu dute, Umeen Eskubideen Nazioarteko eguna baino bi egun lehenago, eta bertan batutako 12 eta 14 urte bitarteko gazteek gizarte inklusiboago baten alde egin dute, tartean Barrutialde BHIkoek: “Pertsona orok bere komunitateko kide aktiboa izateko eskubidea du eta ez du diskriminaziorik jaso behar bere egoera fisiko, kognitibo eta sentsorialagatik”. Hala, pertsona guztien duintasuna bermatzen duen gizartea eskatu dute, gaitasun desberdinak zalantzan jartzen dituzten etiketak ezabatuz.
Gaiari ikuspuntu desberdinetatik –hezkuntza, gizartea eta osasuna– heltzeko beharra azpimarratu dute, saioetan etiketa sozialen garrantziaz ohartu baitira.
Hala, hezkuntzan, inklusioa eskaintzeko benetako sentsibilitatea lantzen den arren, praktikan oraindik segregazio moduak daudela uste dute gazteek: “Ikasgela batzuetan dibertsitate funtzionala duten ikasleek ez dute beti ikaskideen jarduera berdinetan parte hartzen. Batzuetan bereizi egiten dira, fisikoki edo sinbolikoki, horiei ikasteko eta integratzeko aukerak mugatuz”. Hala, pertsona bakoitzaren gaitasunak baloratu eta indartuko dituen hezkuntza gura dutela esan dute, “oztoporik eta zatiketarik barikoa”.
Gizartean, dibertsitate funtzionala duten pertsonak lagundu nahi dituzten elkarte eta legeen sare sendoa dago, eta ikasleek badakite erakunde batzuek egunez egun borrokatzen dutela horien eskubideak betetzeko eta gizarteratzerari buruzko gizarte kontzientzia sustatzeko. “Baina oraindik ere oztopo asko daudela ikusi dugu; lanean jarraitu behar dugu gure kaleak eta espazio publikoak behar den bezala egokitu daitezen, guztiok askatasunez eta oztoporik gabe mugitu ahal izateko”, azaldu dute. Gainera, kasu batzuetan, dibertsitate funtzionala duten pertsonenganako aurreiritziak nagusitzen direla salatu dute, eta, beste kasu batzuetan, ez zaiela ematen “herritar oso gisa” merezi duten balioa eta duintasuna azpimarratu dute. Beraz, eskubide horiek “defendatzeko eta betearazteko” konpromisoa hartzen duen gizartea eskatu dute.
Osasunari erreparatuta, jarduera fisikoa eta kirola eskubide unibertsalak direla eta guztion eskura egon behar dutela esan dute gazteek. Izan ere, oraindik erronka garrantzitsuak daudela uste dute. Mediku arloan, gainera, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazte askok ez dutela diagnostiko goiztiarrik edo egokirik izaten gogoratu dute, tratamendua atzeratu egiten zaiela eta horrek euren bizi-kalitatean eragina dutela esanez. “Gainera, mediku arretan askotan ageri da infantilizazioa; hau da, askotan nagusikeriaz tratatzen dituzte eta euren osasunari buruzko erabakiak hartzeko autonomia ukatzen diete. Ondorioz, premiazkoa da alderdi hori aldatzea”, esan dute. Hala, eskatu dute pertsona guztiak errespetuz eta profesionaltasunez tratatzea: “Diagnostiko zehatzak eta arreta mediko duina eta berdintasunezkoa bermatzen dituen sistema bat eskatzen dugu”.
Gazte gisa, herritar gisa eta denen ongizatearekin konprometitutako pertsona gisa, aniztasuna ez dela oztopoa izan behar aldarrikatu dute: “Dibertsitatea aberastasuna da, eta lanean jarraituko dugu erabateko inklusioa lortzearren”.
Umeen osokoaren buru izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Joseba Madariaga Ibarra UNICEF Euskadiren Batzordeko presidente berria, eta eurekaz batera Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko eta talde guztietako kideak egon dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak bat egin du umeen eta gazteen aldarrikapenekin, eta euren ondorioei balioa eman die: “Bizkaiko Batzar Nagusien parte zarete eta zuen ahotsak hemen entzungo dira umeen eskubideak aldarrikatuz, aniztasun funtzionala duten adingabeen eskubideak aldarrikatzea moduko gai garrantzitsuan”.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNICEFek Emon ahotsa zure balioei proiektuaren barruan antolatu dute osoko txikia, eta Madariagak, bere aldetik, “gogoetarako unea” dela azpimarratu du: “Espazio honek umeek eta nerabeek partaidetza aktiboa eta protagonismoa izateko duten eskubidea aitortzen du. Gure gizartearen parte dira. Eurengan eragina duten gaiei buruz iritzia emateko eta euren ahotsa entzuteko eta kontuan hartzeko eskubidea dute”.
GIZARTE INKLUSIBOAGO BATEN ALDE
-
Pertsona guztien duintasuna bermatzen duen gizartea eskatzen dugu, gaitasun desberdinak zalantzan jartzen dituzten etiketak ezabatuz.
-
“Normaltasun” terminoa zalantzan jartzea eskatzen diogu gizarteari, gai izateko hainbat modu baitaude.
-
Egin dezagun lan premia guztietara egokitutako hezkuntza sistema baten alde, non adingabeak akademikoki garatu ahal izango diren.
-
Diskriminaziorik gabeko ikasgelak nahi ditugu. Ez ditugu onartuko gure ikaskideak baztertzen dituzten jokabideak.
-
Ikasle guztien beharrei erantzuteko gai diren eta prestatuta dauden profesionalak nahi ditugu.
-
Milaka boluntario eta profesionalenganako aitormena eskatzen dugu. Lagundu egin behar zaie, bizitza ematen baitute dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartze komunitariorako guneak izan ditzaten.
-
Nazioartean aldaketa politiko eta soizala eskatzen dugu. Ez da posible pertsona guztiak –gaitasunak gorabehera– babesteko legeak ez dituzten herrialdeak egotea.
-
Pertsona guztiek gure keleetan askatasunez ibili ahal izatea nahi dugu eta, beraz, irisgarritasuna hobetzeko lanetan aurrera egiten jarraitzea eskatzen dugu.
-
Kirol egokituen federazio, klub eta kirolarientzako ikusgarritasun handiagoa eskatzen dugu.
-
Osasun sistema eta arlo horretako profesionalak paziente guztien beharretara egokitzea eskatzen dugu. Diagnostiko zehatzekin eta paziente guztiak berdin tratatuta, inor baztertu barik.