Garaipenaren olatura igota
Lointek Gernika Bizkaiak 59 eta 66koagaz irabazi dio Hozono Global Jairisi, Emakumezkoen Endesa Ligaren zazpigarren jardunaldian. Hurrengo zapatuan (azaroak 23), Casademont Zaragoza hartuko dute, Malosten.
Lointek Gernika Bizkaia emaitzen bagoira erabat igota dago. Iragan eguenean (azaroak 14) Baxi Ferrol galiziarren kontrako neurketa metiruzko 70 eta 57koagaz irabazi ondoren, gernika-lumotarrak ez daude prest garaipenen bidezidorretik ateratzeko, eta horren erakusle da domekan (azaroak 27) Hozono Global Jairisen kontra lorturiko 59 eta 66ko garaipena, Emakumezkoen Endesa Ligaren zazpigarren jardunaldian.
Gernikaren lantalde teknikoko kideentzat, batez ere Lucas Fernandezentzat eta Franky Garciarentzat, esanahi berezidun norgehiagoka izan zen domekakoa, aurkari zuten taldearen partaide izandakoak baitira. Alcantarillako taldeak, hain zuzen, urrats erraldoiz aurrera egin du azken denboraldiotan eta, bereziki, aurtengoan. Partidu latza plazaratu zitzaien, beraz, bisitariei. Gainera, lantaldean dituzten hutsuneak tarteko, Lointekek lehen unetik aldaketak egitea bilatu zuen, Ferrolen kontra egin legez. Ane Olaeta gernika-lumotarra jokoan sartzean zabaldu zen estreinako arrakala: 2 eta 8koa. Edozelan ere, etxekoen erantzuna, 6,75eko lerrotik, sendoa besteko berehalakoa izan zen: 10 eta 0eko partzial bizkorra lortu zuten. Hori bai, lehen laurdena burutu orduko, Elena Buenavidak bisitariak berriro aurreratu zituen, 16 eta 17ko markagailuagaz amaituz.
Ahalegin handia eginagatik ere, Lointekek ez zuen arrakala handirik zabaldu markagailuan
Trantsiziozko jokoa zen Lointeki gehien interesatzen zitzaiona. Saskira begira jokatu zuten, ziurtasunez eta eraginkortasunez, Olaeta eta Buenavidaren gidaritzagaz. Aurkarien entrenatzaile Bernat Canutek, bere aldetik, Petra Holesinskaren karta jokatu zuen, besteak beste; Olaetaren hirukoak eta osteko 24 eta 31koak, baina, hutsartea eskatzera derrigortu zuen. Lan eskerga eginik ere, gernika-lumotarrek ez zuten zulo handirik zabaldu markagailuan, atsedenaldira joateko unea iristean: 28 eta 33.
Aldageletatik bueltatzean, jokaldiak bizkor amaitzeko bulkada sumatu zitzaien, batik bat, barrualdeko jokoari zegokionez Kendra Cheryren eta Maya Dodsonen lanari esker, 28 eta 36raino eroan zuten markagailua, baina etxekoek berriro ere asmatu zuten partiduari heltzen: Aina Ayusok hiruko jaurtiketa bi saskira bidali zituen. Gernika-lumotarrek koxka bat gorago zebiltzan irudia bistaratzen zuten uneoro, baina bildutako uzta ez zen espero zitekeen bezainbesteko oparoa; 40 eta 46koagaz heldu zioten azkenengo laurdenari.
Ane Olaeta eta Irati Etxarri gako izan ziren azkenengo minutuetan
Jairisek azken zati hartan etxeko ikusleen aurrean ezustekoa emateko saiakera egin zuen, 5 eta 0eko partzialagaz abiatuz. Fernandezen hutsartearen ondoren, Olaetaren berragerpena iritsi zen: bere eskutik iritsi zen lehen hirukoa, eta Irati Etxarrik beste bategaz jarraitu zion. Partidua talde bien eskuetan zegoen, puntu arrakala ez baitzen 6tik gorako izan. Ñabardura bakoitza giltzarri zen. Olaetak, partiduko protagonista nagusiak, 57 eta 62koa lortu zuen. Ondoren, berriro txandapasa hartu zion Etxarrik: jaurtiketa libreetan konfiantzaz aritu zen, eta partiduak Gernika-Lumora egin zezala ahalbidetu zuen, 59 eta 66ko markagailuagaz. Hurrengo neurketa hilaren 23an jokatuko dute, 18:30ean, Malosten, Casademont Zaragozaren aurka; aurkari sendoa izanik, partidu gogorra izateko osagai denak dauzka.
Taldekideen konpromisoaz.
Fernandezek taldeak eginiko “eskuzabaltasun erakustaldia” nabarmendu du: “Partidura egokitzeko konpromisoa eta lau egunen buruan partidu bi jokatzeko ahalegina igarri dut lantalde osoagan; hobetzeko gosez egoteak horrelako garaipenak eta pozak dakartza”. Estrategiari dagokionez, Jairis bere ohiko joko erritmotik “ateratzea” izan zela azpimarratu du: “Saskiratzeak lortzeko, hainbat iturri desberdin eduki ditugu eta, era berean, aurkaria sendoen zegoen uneetan, asmatu dugu haren jokoari zelan eutsi jakiten”.
Lucas Fernandez: “Partiduaren azken zatia ez da batere erraza izan, eta taldeak bere nortasuna atera behar izan du”
Partiduaren azken zatia “estu-estua” izan zela adierazi du Gernikako entrenatzaileak: “Ez da batere erraza izan, eta taldeak bere nortasuna atera behar izan du; jokaldiak modu kolektiboan planteatu behar izan ditugu, solidaritatez jokatuz, eta azkenean fruitua eman du“.