Ea, Elantxobe, Mundaka eta Bermeoko portueetan Udal Kontseiluak sortuko dituzte
Mutrikun eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi zuen bezala.
Mutrikun eratu da Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo Portuko Udal Kontseilua, Amaia Barredo sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi zuen bezala. Udal Kontseiluak portu gehiagotan eratuko dira etorkizunean: Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia. 2024 amaitu baino lehen, deituta daude Ondarroako, Getariako, Elantxobeko eta Eako Portuko Udal Kontseiluak, eta 2025eko lehenengo lauhilekoan deituko dira gainontzeko kontseiluak.
Irailaren 10ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua. Hauek, portuen arteko kide anitzeko aholkularitza, kontsulta eta eztabaida organoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak erabiltzen dituen eskumenen esparruan, eta “Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita daude”.
Amaia Barredok adierazi zuenez, Portuak eta udalerri bateko bizitzak lotura estua daukate: “Portu batek hartzen duen espazio fisikoa kokatuta dagoen udalerriaren zatia da, eta lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin. Ez da lurralde-zati isolatua; izan ere, portu eremuan interes ugari elkartzen dira, eta beharrezkoa da, beraz, eragileek parte hartzea errazteko mekanismoak eta tresnak ezartzea”.
Beraz, zehaztu duten bezala, parte hartzea betetzeko, Portuko Udal Kontseiluak eratzen joango dira datozen egunetan, eta Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria egongo da bertan. “Kontseilu horietan hartzen diren erabakiak ez dira lotesleak izango, baina elkartzeko eta Euskadiko portu bakoitzean esku hartzen duten eragileak kezkatzen edo arduratzen dituzten gaiak aztertu eta eztabaidatzeko lekuak izango dira. Portuetako instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzeko jarduerak proposatzeko foroak izango dira”, azaldu du Goitiak.