Aurrekontu parte-hartzaileetako proposamenak bozkatzeko ordua
Bermeoko Udalak jasotako 203 proposamenetik 76 sailkatu dira azken bozketara. Azaroaren 24ra arte [domeka] bozkatu ahal izango dute bermeotarrek, bai presentzialki bai online.
Bermeoko Udalak herritarrek aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak jaso ditu. Guztira 2o3 proposamen bildu dituzte, guztiak aztertu eta multzatu ostean, 76 dira azken fasera sailkatu direnak. Izan ere, proiketuak oinarrietan zehaztutako ezaugarri batzuk bete behar dituzte, hala nola, interes orokorrekoak izatea, udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izatea, teknikoki egingarriak eta, gehienez, 50.000 euroko aurrekontuagaz egin ahal izatea.
Udalak proposamen finalisten zerrenda aurkeztu du, eta orain herritarrei dagokiei gustukoen duten proiektua bozkatzea. Gaurtik [azaroak 18] eta azaroaren 24ra [domeka] arte izango dute bermeotarrek beraien botoa emateko aukera, bai internet bidez, bai presentzialki. Hala, botoa presentzialki eman gura dutenek hainbat aukera izango dituzte: Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren egoitzan.
Azaldu dutenez, proposamenak bozkatu ahal izateko baldintza bakarra egongo da: Bermeon erroldatuta egotea. Era berean, herritar bakoitzak proiektu bakarra bozkatu ahal izango duela gogoratu dute.
Bederatzi azpitalde.
Udalak proiektu finalisten zerrenda aurkeztu du, proposamenak bederatzi azpitaldetan banatuta: kirola, ume eta gazteak, kultura, ongizatea eta zaintza, animaliak, mantenua eta azpiegiturak, jasangarritasuna, merkataritza eta Alde Zaharra.