Adimen artifiziala eta emakumeen lidergoa, aztergai
Adimen artifizialari eta emakumeen lidergoari buruz Bilbon egin duten III. EDA Kongresuko antolatzaileek eta parte-hartzaileek Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu dute, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak gidatuta.
Deustuko Unibersitatean egin zuten EDA (Atlantikoko Emakume Enpresariak eta Zuzendariak) kongresuko zenbait parte Gernika-Lumoko Batzarretxean egon ziren zapatu goizean [urriak 16]. Mujer Siglo XXI elkarteak antolatu zuen ekitaldi horretako emakume parte-hartzaileei eta antolatzaileei Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta beste kide batzuek egin zieten harrera, eta horiek gidatuta bisitatu zuten.
Arbola Zaharraren eta egungo Gernikako Arbolaren historia ezagutu ostean, eraikin barruko gune nagusiak ezagutu zituzten: hemizikloa, Beiratearen Aretoa, liburutegia eta lehendakariaren bulegoa. Bisita amaitzeko, protokoloa betez, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ohorezko Liburuan sinatu zuten bisitariek, eta aurreskua eskaini zieten.
Adimen artifiziala eta talentuaren etorkizuna lelopean, Besteak beste, zientzia, osasun, zuzenbide eta jasangarritasun arloetako emakume liderrak elkartu ziren barikuan Bilbon egindako jardunaldian: “Aurtengo topaketa adimen artifizialaren garaian emakumeek izan behar duten lidergoan oinarritu da”. Ideak partekatzeko eta aliantzak sortzeko kongresua izan zen, “etorkizun inklusiboagoa, adimentsuagoa eta bidezkoagoa eragiteko”. Mahai-inguru, ponentzia eta networking saioetan elkartu ziren: “Hazteko, konektatzeko eta aldaketaren parte izateko aukera bat da. Espainiako aditurik onenak bildu, eta adimen artifiziala iraunkortasuna, osasuna, zuzenbidea eta zientzia bezalako funtsezko sektoreak nola iraultzen ari den aztertu zuten, emakume liderrek eraldaketa horren agintea hartu dezaketela azpimarratuta”. Estrategia praktikoak zein esperientziak partekatu eta AAean eta lidergoan dauden azken joerei buruz hitz egin zuten, baita AAk gizartean daukan eraginari buruz ere: “Teknologia modu etikoan nola aprobetxatu eta mundu digitalean bidea nola ireki ere aztertu zuten”.
Hala, Batzarretxera egindako bisitak, AAren integrazioa genero ikuspegiagaz zuzentzen ari diren emakume aitzindarien topaketari amaiera emateko izan dela adierazi dute.