80 lagun inguru batu ditu bertso-triki pintxo-poteak
Zapatuan (azaroak 16), Muxika, Ibarruri eta gorozikarrak "giro ederrean" batu ziren bertso-triki pintxo-potean: antolatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute.
Bertso-triki pintxo-poteak hartu zituen Muxika, Ibarruri eta Gorozika, zapatuan (azaroak 16). Udalerriko urteko ekintza “arrakastatsuenetakoak” herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea du helburu, eta aurten ere, 80 lagun inguru bildu ziren auzoz auzo, “giro ederrean”. Gauzak horrela, antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute, eta bertso-triki pintxo-poteari Muxikan urte asko gelditzen zaizkiola ere aurreratu dute, beregain.
Iazkoarekiko desberdintasunekin etorri da, gainera, aurten, ekintza. Izan ere, 6 txokoren parte hartzetik, 4 txokoren parte hartzera igaro dira: “Luzeegia egiten zen ibilbidea sei txokorekin, eta bakoitzean egoteko denbora oso murriztua izaten zen, beraz, lau txokorekin, horietako bakoitzean denbora gehiago igarotzeko hartu genuen erabaki hori”. Hala ere, nabarmendu dutenez, txokoak txandakatzeko ideiapean ezarri dute aipatutako desberdintasuna. Oraingo honetan, Kolakaine (Elizalde), Gaukari (Gorozika), Saltsamendi (Ibarruri) eta Atxelipe (Ariatza) izan dira parte hartu duten txokoak. Ibilbidearen amaieran sari banaketa ere egon zen parte hartzaileentzat, gainera: herriko artisau batek egindako botila-irikigailuak banatu zituzten, oro har.
Iaz udaberrian egin ostean, ekintza udazkenera bueltatzea erabaki dute aurten, eta balorazioa positiboa izan den arren, “udaberrian jende gehiago” gerturatzen zela aitortu dute antolakuntzatik, eta, beraz, hurrengo urteetara begira jarriz, horren inguruan “sakon hausnartu” beharko dutela.