"Hasi nintzenean nire ametsa ez zen eleberri bat idaztea"
Laugarren lana kaleratu du Joseba Itxaso bermeotarrak: Por los viejos tiempos. Libourneko Itunetik abiatutako eleberria da, "gaur egungoa, baina fikzionatua".
30 urte inguru itsaso tropikaletan eman zituen Joseba Itxaso Zubiaga bermeotarrak. Urte luzez arrantza kapitaina izan zen, bere bizitzaren zati handi bat atunaren industriari eskaini zion, baina erretiroa hartzeagaz batera, beste pasio bat ezagutu zuten: sorkuntza literarioa. Nada sabes de la quinta estacion izan zen bere lehen eleberria; Arane. Cronicas de fuego y hierro eta La gruta de los sentidos etorri ziren gero. Aurten bere laugarren eleberria aurkeztu du: Por los viejos tiempos.
Zerk ezberdintzen du Por los viejos tiempos aurreko eleberrietatik?
Lehen liburua eleberri historikoa zen, XIV. mendean kokatua. Bigarrena, segituan etorri zen, hori ere eleberri historikoa. Hirugarrena garaikidea izan zen, eta hau fikzio garaikidea da, gaur egungoa baina fikzionatua.
1334. urteko Libourneko Ituna hartu duzu abiapuntutzat. Zergatik?
Dokumentazio lana egiten ari nintzela, Libourneko Ituna aurkitu nuen. Ehun urteetako gerraren testuinguruan, ingelesak aliatu bila aritu ziren. Hala, nafarrak, Gaztelakoak eta ingelesak Libournen (Okzitania) elkartu eta akordio batera iritsi ziren. Ingelesek Bizkaia eskatu zuten, baina Pedro I.-ak ez zuen bere hitza bete. Nik eleberri honetan hari horretatik tira egiten dut: «Zer gertatuko zatekeen itunak aurrera jarraitu izan balu, eta gu, Gibraltar bezala, kolonia britainiar bat izango bagina?». Ituna ezerezean gelditu zen, baina historia hor dagoenez, fikzionatu egin dut; alegia, Bizkaia ingelesen jabetzakoa dela irudikatu dut, itsasoz bestaldeko lurraldea.
Eleberriak egungo errealitatetik ere edaten al du?
Bai, fikzionatuta, baina bai gaur egungo gertaeretatik ere hartu dut. Eleberrira eramandako gertaera historiko erreal bat, esaterako, Eskoziako erreferenduma da, 2014. urtekoa. Eskoziarren zati handi batek ez zuen Europako Batasunetik irten nahi, eta Londrestik Erresuma Batuko Gobernuak erreferenduma baimentzea lortu zuten. Eskoziak herrialde independiente izan behar zuen ala ez bozkatzeko aukera izan zuten. Hala, Britainia Handian geratzearen aldekoek irabazi zuten erreferenduma.
“Irakurleek esaten didate oso grafikoak direla, pelikula ikusten egongo balira bezalakoak”
Beraz, nola laburtuko zenuke?
Ituna sinatu eta zazpi bat mende geroago, Erresuma Batuak brexitarekin Europako Batasunetik irtetea erabakitzen duenean, bizkaitarrak ez daude konforme eta erreferenduma eskatzen dute. Autodeterminaziorako erreferendum hori da eleberriaren bizkarrezurra. Istorioan familia bat dago, McStuy familia. Anaietako bat Bizkaiko Burua da, ministro nagusia bezalakoa, eta politikoki nafarren aldekoa. Familiak hainbat gorabehera biziko ditu, besteak beste erreferenduma boikoteatu nahi dutelako. Izan ere, uste dute erreferenduma independentistek irabazten baldin badute, Bizkaia ez dela sekula Nafarroagaz batuko. Esan behar dut eleberria bonbardaketa bategaz hasten dela ere.
Denbora jauziak al daude?
Eleberriari emozioa emateko, 2024ko irailaren 8an Bilboko Moyua plazan lehertu den bonba-auto batekin hasi naiz, erreferendumeko kanpainaurrea hasteko hamabost egun falta direnean, gazte erradikal talde batek jarritako bonbagaz. Beraz, lehen kapitulu labur batean 2024an gaude, eta gero denboran atzerako jauzia dago, 2023ko udara. Eleberria denbora horretan sakonduz doa: batzuk erreferendumaren alde, beste batzuk kontra, familia barruko gorabeherak… Hala ere, ez dago denbora jauzi handirik.
Irakurleak ze irakurketa egitea nahi duzu?
Ezin dut bukaera aurreratu, baina esan dezaket eleberriak aurrera egin ahala, tentsioak gora egiten duela. Azkenean, egin daitekeen irakurketa bat zera da: familia familia da, eta politika politika, eta gertatzen dena ikusita, agian, ez lirateke nahastu behar.
“Hasieran, neure buruari galdetu nion eleberri bat nola idazten zen, baina gauza idaztea zen”
Laugarren eleberria da; idazketa prozesua aldatu duzu?
Lehenengo biak eleberri historikok izanda, kontu handia izan behar nuen: non bizi ziren, nola bizi ziren, zer jaten zuten, nola janzten ziren… Honetan, gaur egungo eleberria izanda, askatasun gehiago izan dut. Hori bai, irakurlea istorioan sartzea lortu behar da, Bizkaiaren egungo errealitatean pentsatu ez dezan; eleberria nahikoa erreala da, irakurlea buru-belarri kontakizunean sartzeko.
Beti izan al zara historia zalea?
Bai, niri historia beti gustatu izan zait. Hasi nintzenean, nire ametsa ez zen eleberri bat idaztea; datuak biltzen hasi nintzen, sasoi batean nola bizi ziren eta abar. Halako batean, datu piloa neukan bilduta, dokumentazio handia, eta orduan ikusi nuen zerbait egiteko materiala neukala. Pentsa, lehen bi eleberriak egiteko lau urte egon nintzen.
Eta Por los viejos tiempos-i zenbat denbora eskaini diozu ?
Urtebete inguru. Prozesu bat da; eleberria idazten zazpi edo zortzi hilabete egin nituen, baina behin idatzita, beste buelta bat eman nahi izan nion: zuzenketak eta azken ukituak egin… hor beste bi edo hiru hilabete pasatu ziren. Gero, amaituta zegoela uste nuenean, alde batera utzi nuen lauzpabost bat astetan. Gero, irakurlearen pentsamoldea hartu eta berriro irakurri nuen. Esan behar da beti sortzen direla ideia berriak, baina heltzen da momentu bat non utzi gin behar duzun, bestela ez duzu eleberria sekula amaituko.
Lehen ideiaren eta azken produktuaren artean aldaketa asko al daude? Pozik zaude emaitzarekin?
Istorian ez, baina pertsonaien psikologian bai, nahikoa sakonduta daude. Pozik nago, idazteko nire estiloa garatu dut. Hasieran neure buruari galdetu nion eleberri bat nola idazten zen, baina gauza idaztea zen; zuzenketak eta alde sintaktikoa gero etorri ziren. Orain, idazten dudan hori barrutik irteten zait.
Feedback positiboa jaso al duzu?
Nire irakurleak ditut, eta pozik nago beraiekin. Hurrengoa noiz argitaratuko dudan galdetzen didate. Lanak irakurtzen dituztenek esaten didate oso grafikoak direla, pelikula ikusten egongo balira bezalakoak. Izan ere, pertsonaien eta inguruen analisia egiten dut, deskribatzea gustatzen zait.
Eta zein da erantzuna? Hurrengo eleberrian pentsatzen ari al zara?
Ideia bat daukat eta informazioa biltzen nabil. Ziurrenik eleberri exotiakoagoa izango da, Polinesiara egingo dut salto. Oraindik ez dakit aurrera joango den edo ez, baina ideia bat dut. Historikoa izan beharrean, hango gizartea eta kultura izango ditu erdigunean.