Emakumeen lana ikusarazteko otzara
Bermeoko Mugimendu Feministak herriko zein eskualdeko emakume sortzaileak saretzeko Otzara Feminista sortu du. Otzararen zozketa abenduaren 22an egingo dute, Kabidxen.
Bermeoko Mugimendu Feminista hainbat lanketa egiten ari da azken urteetan, besteak beste herriko nahiz eskualdeako emakumeak saretzeko helburuagaz. Aurten emakume sortzaileen lana ezagutarazi eta sustatzeko asmoz, eta Gabonak hurbil daudela aprobetxatuta, Gabonetarako Otzara Feminista aurkeztu dute. Otzararen zozketa abenduaren 22an [domeka] egingo dute, Kabidxe Gune Sozialean. Zozketarako txartelak eskuragarri daude dagoeneko, eta Bermeoko Mugimendu Feministarekin harremanetan jarrita, T-Kimua kafetegian eta Marian eta Emi dendan erosi daitezke, 2 euroren truke.
Otzara egitearen ideia Bermeoko jaien ostean bururatu zitzaien mugimendu feministakoei: «Andra Mari jaiak pasatu zirenean, balorazio bilerak egin genituen, eta hor sortu zen Gabonetarako otzara feminista bat sortzearen ideia».
Helburu bi.
Otzara Feministaren zozketa horrek bi helburu nagusi dituela nabarmendu dute. Lehenengoa, herriko eta eskualdeko emakumeek egiten duten lana sustatzea da: «Orain Gabonak datozela ikusita, garrantzitsua iruditu zitzaigun gure inguruko emakumeen lana bultzatzea eta ikusaraztea, besteak beste Mari Domingik Gabonetako erosketak egin behar baditu, aukera horiek dituela jakiteko».
Azpimarratu dutenez, «talentu handiko emakume asko» daude Bermeo inguruan, baina ez daude saretuta: «Lan handia dago egiteko, eta gure aletxoa jarri nahi genuen». Horretarako, bederatzi emakumerekin eta herriko emakumeen bi elkarterekin elkarlanean aritu dira.
Bigarren helburuari dagokionez, zozketako txarteletin datorren urtean mugimendu feministak herrian antolatuko dituen jarduerak finantzatu nahi dituztela adierazi dute. «Orain arte Bermeoko Txosna Batzordeko eragile legez aritu gara, baina aurten laguntzen eta protokoloa lantzen aritu bagara ere, ez gara eragile bezala ibili, eta ez dugu hortik finantziaziorik atera», azaldu dute. Zeharkako helburuak ere finkatu dituzte: emakumeak saretzea, feminismo intersekzionala herritarrengana hurbiltzea, herriko emakumeen partaidetza dinamikak bultzatzea…
Urriaren 12an zabaldu zuten emakume sortzaileei zuzendutako otzara feministarekin bat egiteko deialdia, eta «asko eta azkar» zabaldu zen: «Sortzaile asko jarri ziren gurekin harremanetan, hainbat herritatik, eta denak ezin izan ditugu oraingoan hartu». Horregatik, uste dute aurrera begira dinamika errepikatu beharko dutela, «formatu horretan edo beste batean».
Proposamen berriak.
«Ikusi dugu emakume sortzaile asko daudela, uste genuenak baino askoz gehiago, eta agian saretu eta beraien lana ezagutaraztea behar dute», adierazi dute. Horregatik, otzara feministak aurten denak biltzea «ezinezkoa» izan bada ere, aurrera begira «buelta bat» eman beharko diotela adierazi dute, proposamen ezberdinak jaso baitituzte.
Lehenengo balorazio bat egiteko «goizegi» den arren, mugimendu feministatik eskerrak eman nahi izan dizkiete otzara feministagaz bat egin duten emakume guztiei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten emakume guztiei, guretzat laguntza handia delako. Bi noranzkoetako laguntza da». Era berean, herria txartelak erosteagaz ematen ari den laguntza ere eskertu dute, eta herritarrak «herriko eta eskualdeko emakumeen dendetan» erostera animatu dituzte.