"Une honetan, Tourraren sailkapen orokorrak ez nau asko erakartzen"
Denboraldi gaitza izan da Pello Bilbao ziklistarentzat: erorikoek eta osasun arazoek bere ohiko mailatik aldendu dute. Esloveniako Itzulian eskuratu du garaipen bakarra. Urtearen balorazioa egin du Bahrain Victorious etxekoak.

Lasterketen zurrunbilotik aldenduta dago Pello Bilbao. Saitama Kriteriumean aritu da, Japonian, baina ohiko presio eta kirol erantzukizunetatik urrun. Joandako urteetan ez bezala, aurten ez du goi mailako garaipenik lortu, eta erorikoak nahiz osasun arazoak etsai izan ditu. Gernika-lumotarrak urtearen irakurketa egin du, eta hurrengoari begira dituen aurreikuspenak iragarri ditu.
Zelan ibili zara Japoniako Saitama Kriteriumean? Eta zelan doakizu denboraldiaz kanpoko sasoia?
Japoniako proba, kirol helburua baino gehiago, turismo esperientzia izan da. Gainera, familiagaz oporraldia egiteko aukera eduki dut, bertako kultura ezagutu ahal izateko. Osterantzean, hurrengo urterako prestaketa hasi dut; aurtengo sasoia ia-ia ahaztua dut.
Zein nota ipiniko zenioke aurtengo denboraldiari?
Sentsazio aldetik, urte positiboa izan da; emaitzei dagokienez, pobre samarra. Hainbat lasterketa alde izan ditut, sendo ibili naiz, baina ez naiz irabazteko gai izan, beste urteetan legez; horren erakusle da aurten lortutako garaipen bakarra, Esloveniakoa.
Zorte kontuak zure mailan eta emaitzetan zerikusia eduki duelakoan al zaude?
Lasterketetan beti daude norberaren kontrolpetik kanpo dauden faktoreak: erorikoak eta osasun arazoak eduki ditut aurten. Frantziako Tourra, adibidez, koronabirusak jota bertan behera utzi behar izan nuen, eta Munduko Txapelketan erori egin nintzen. Joandako urteetan zortea alde eduki baldin badut, aurten kontrakoa bizitzea tokatu zait.
“Taldeburuotako askok ez dugu espero genuen mailarik erakutsi aurtengo denboraldian”
Zein balorazio egin du taldeak? Matej Mohoric, Santiago Buitrago edo Phil Bauhaus moduko izarrak dituen taldeak emaitza aldetik eskakizun handia du.
Espero genuen mailatik behera aritu gara. Taldeburuotako askok ez dugu espero genuen mailarik erakutsi aurtengo denboraldian. Itzuli handietan, Antonio Tiberiren Giroko bosgarren postua izan zen salbuespen bakarra. Gainontzekoan, nahikoa kamuts ibili gara, zorte kontuak ere tartean egonik.
Frantziako Tourra orduko, Esloveniako Itzulian lortu zenuen aurtengo garaipen bakarra, eta azken sailkapenean bigarren izan zinen. Bazirudien uda aldira ondo iritsiko zinela, baina uztaila eta Tourra korapilatu egin zitzaizkizun.
Berez, Suitzako Itzulia lehiatzeko asmoa nuen, baina azkenean, Esloveniako Itzulia egitea suertatu zitzaidan. Gorputzaldi onean nengoela igarri nuen, eta emaitzak alde eduki nituen. Uztailean, baina, txanponaren ifrentzua ezagutu nuen: Tourrean, egunez egun geroz eta makalago sumatzen nuen neure burua, azkenean koronabirusagatik positiboa atera zitzaigun arte; egun hartan bertan jaitsi nintzen bizikletatik.

Pello Bilbao, Jebel Jafeeteko helmuga harrapatuz, aurtengo UAE Tourrean.Team Bahrain Victorious
Tourrean, behintzat, Buitrago kolonbiarraren hamargarren postuagaz geratu zineten. Zelan baloratzen duzue postu hura? Espero al zenuten?
Ez zen ezustekoa izan: geure helburua biok lehen hamarren artean sailkatzea zen. Egia da aurretiaz ez duela erregulartasunik erakutsi hiru asteko itzulietan, baina talde barruan ondo genekien bere balore fisikoak oso onak direla. Buitragoren hamargarren postuak ez du inondik inora justifikatzen Tourrean erakutsitako irudia, baina aitortu behar da meritu handiko lorpena dela; gaztea dela aintzat izanda, etorkizuneko izar handietako bat izan daiteke.
“Kanadako emaitzek alderdi mentaletik piloa lagundu zidaten, baina, dena alde nuela zirudienean, Munduko Txapelketan eroriko gogorra izan nuen”
Denboraldiaren bigarren zatian, Quebeceko Sari Nagusian bederatzigarrena izan zinen eta, batez ere, Montrealgoan bigarrena; Suitzako Munduko Txapelketara sasoiko heltzeko itxura ona zeneukan.
Tourraren ondoren, gorputzaldia topatzea kostatu egin zitzaidan. Poloniako eta Erresuma Batuko itzuliek eta Bretainiako Klasikoak pedal kolpe dezente eraginkorra utzi zidaten, eta irailean jadanik askoz hobeto nintzen. Kanadako emaitzek alderdi mentaletik piloa lagundu zidaten, baina, dena alde nuela zirudienean, Munduko Txapelketan eroriko gogorra izan nuen. Bai lasterketa hura, bai denboraldi amaiera pikutara joan zitzaizkidan.

Pello Bilbao, Montrealgo Sari Nagusiko podiumean.
Hain zuzen, 2025eko Munduko Txapelketa Ruandan izango da, ibilbide gogorragaz eta altuera handian. Lehen faktorea alde duzu; bigarrena, ez hainbeste.
Erakartzen nauen hitzordua da, batez ere, Afrikan lehiatzeagatik. Ibilbide aldetik, aitortzen dut ederto egokitu ahal zaidala, baina, era berean, ez naiz altueraren lagun mina. Oraindik urrun dago; gaur-gaurkoz, ez da helburu handienetako bat.
Datorren urteko Frantziako Tourraren ibilbidea ere aurkeztu dute.
Gainetik baino ez dut ikuskatu. Mendiko etapek arreta deitu didate: Pirinioak eta Alpeak gogorrak dira, eta tartean Mont Ventoux dago. Bestalde, etapa gorabeheratsu gehiago ere egongo dira, ni moduko txirrindulari mota bati doitzen zaizkionak. Aurten, mota horietako egunak falta izan dira. Une honetan, Tourraren sailkapen orokorrak ez nau asko erakartzen: lehen hamarren artean sailkatzea zer den badakit; beraz, nahiago nuke etapen ehizan ibili edota taldekideren bati lagundu. Hori bai, taldearen iritzia entzuteko prest nago, ea zein plangintza duten buruan. Oraindik goizegi da helburuak finkatzeko.
“2025ean Italiako Giroa-Espainiako Vuelta kateaketa egitea mahai gainean dagoen aukera bat da”
Edozelan ere, Italiako Girora itzultzeko interesa erakutsi duzu berriki.
Aukera sendoetako bat da. Izan ere, azken urteotan indarrak Tourrean ipini ditut, baina Giroa piloa eman didan lasterketa da; 2025a urte ona izan daiteke Italia aldera itzultzeko.
Eta hiru itzuli handietan garaipena lortzeko, Espainiako Vueltara itzultzea geratuko litzaizuke.
Ingurukoek hori sarritan gogoratzen didate. Hiru handietan irabaztea ederra litzateke. Vuelta aspaldion apur bat alboratuta eduki dut; lehiatutako azken aldietan ez ditut aurkitu sentsaziorik onenak han, baina ibilbide aldetik ukaezina da lasterketa egokia eta interesgarria dela. 2025ean Italiako Giroa-Espainiako Vuelta kateaketa egitea mahai gainean dagoen aukera bat da.

Pello Bilbao, aurtengo Frantziako Tourrean.
Urtearen lehen zatiari begira, zein egutegi iragarri dezakezu?
Gaur-gaurkoz, ezer gutxi. Nik taldeari aspaldi eman nion lehiatzea gustatuko litzaidakeen lasterketen zerrenda, baina oraindik ez dakit beraien planteamendua zein izango den. Egutegia, azken batean, adostasunean oinarrituz josten den zerbait da.
“Hurrengo urtean, astebeteko itzuli bat irabazi gura nuke”
Helburu bat gaurdanik sinatu ahalko bazenu, zein litzateke?
Astebeteko itzuli bat irabazi gura nuke. Ondo egokitzen zaidan formatua da, eta beti garaipenetik hurbil ibili izan naiz han-hemen. Horrez gain, aipatu bezala, Espainiako Vueltako etapa garaipena lortzea ere presente dut.