Irakurle Digitala, sei hizkuntzatan
Irakurle Digitala sei hizkuntzatan erabiltzeko aukera dago orain, Elhuyarren TTS ahotsei esker. Oraintxu arte, euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzeko modua eskaintzen zuen, eta, orain, galegoa, katalana eta frantsesa ere erabil daitezke testuak entzuteko; ahots horiek Elhuyarren TTS neuronalaren bidez eskaintzen dira (https://ttsneuronala.elhuyar.eus). “Irakurle Digitalak egungo teknologietara jauzi egin du, eta horren adierazgarri dira testuak irakurtzeko erabiltzen diren ahots automatikoen kalitatea eta tresna erabiltzeko ematen diren aukerak”.
Irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasunak—adibidez, dislexia— dituzten ikasleei laguntzeko tresna da Irakurle Digitala, web-nabigatzaileetan instalatzeko plugin bat, eta adibidez, ikusmen-urritasuna dutenentzat edo hizkuntzari lotutako nahasmenak dituztenentzat ere lagungarria izan daiteke: “Irakurle Digitalak ordenagailuko pantailan dagoen testua irakurri beharrean, entzuteko aukera ematen du, testua nabarmendua agertzen den bitartean; horrela, ikasleak errazago irakur dezake edukia”. Webguneak irakurtzeko aukera eskaintzeaz gain, ordenagailuan gordeta dauden fitxategiak irakurtzeko aukera ere ematen du. Horretarako, nahikoa da PDF fitxategia web-nabigatzailearekin irekitzea, Irakurle Digitala aktibatzea, eta pantailan agertzen diren pausoei jarraitzea.
2016an gizarteratu zen lehen bertsioa; Elhuyarrek garatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin, eta Berritzegune Nagusiak denen eskura jarri zuen: “Elhuyar apustu sendoa egiten ari da adimen artifizialeko tresnen hedapen egokia egiteko eta erabilera zuhurra bultzatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa bermatu eta bultzatzeko asmoarekin sustatu du proiektu hau. Konpromiso horren adierazgarri da Irakurle Digitala, adimen artifizialeko azken berrikuntzak hezkuntzaren alorrean txertatzeko egitasmoa baita. Proiektuaren helburua irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei ulermenean laguntzea da, eta adimen artifiziala erabili da horri soluzioa emateko”.
Irakurle Digitala Firefox, Chrome zein Edge nabigatzaileetan instalatu daiteke, eta Hezkuntza Saileko webgunean daude tresna instalatzeko jarraibideak.
Hauek dira Irakurle Digitalaren funtzio nagusiak:
- Nabigazioa: webgunean edo PDF fitxategian nabigatzeko aukera ematen du. Adibidez, hurrengo esaldira edo paragrafoa irakurtzera pasatzeko aukera ematen du, bai eta aukeratutako esaldia irakurtzekoa ere.
- Abiadura: irakurketa-abiadura bizkortzeko edo mantsotzeko aukera eskaintzen du.
- Hizkuntza: 6 hizkuntzetako testuak irakurtzeko aukera eskaintzen du Irakurle Digitalak. Hizkuntza hautatzeko modua ematen du.
- Ahotsa: irakurtzeko zer ahots erabiliko den hautatzeko aukera ematen du.
- Irakurketa-mota: esaldia jarraian irakurtzeko nahiz hitzez hitz irakurtzeko aukera eskaintzen du.