Ilusioaren sokari tiraka
Foruko Sokatira Taldea jaio da: adin desberdineko herritarrek osaturiko sokatira talde mistoa. 580 kiloko Goma Gaineko Bizkaiko Txapelketari ekingo diote, zapatuan (azaroak 16).
Sokatira zaletasuna, talde mailan, apalduta eta isilik egon da urte luzez Foruan. Orain arte. Busturialdeko herritarrak antolatu egin dira, kirol horri eskualde mailan suspertzea emateko; horrelaxe ernaldu da Foruko Sokatira Taldea. Gaztez nahiz helduz osatutako klub mistoa da, eta “sokatirarekiko afizioa biziberritzea” du helburu nagusi. Taldekideak “ilusioz gainezka” daude, eta hainbat erronka dituzte aurrerantzean begibistan. Sei bat kidek abiatu zuten proiektua baina, “bestelako ardurak tarteko”, batzuek alde egin zuten, eta partaide berriak ailegatu ziren. Egun, lantaldea osasuntsu eta sendo dago: “Hamabi kide inguru gaude taldean, gaur-gaurkoz”.
Iñigo Basterretxea entrenatzailea izan zen gazteengan sokatirarekiko hazia erein zuena: “Kirol horrekiko zaletasuna kutsatu zigun, gainera, ondo zekien taldekideetako askok sokatira etxetik jaso izan dugula, eta tiraldiak ikusten hazi garela; apurka-apurka, praktikatzen joan ginen, eta halaxe sortu genuen taldea”. Taldearen ernamuina Forua izanik ere, aurreratu dute egun ez dagoela udalerri horretako kiderik, baina bai gainontzekoetakoak: “Basterretxea baino ez da hangoa; besteok muruetarrak, arratzuarrak edota gernika-lumotarrak gara, batik bat”. Jatorriaz gain, adin tarte zabala hartzen du taldeak. Izan ere, gazteen grinak eragina eduki zuen beteranoagoengan, eta batzuk animatu ziren parte hartzera. Horrenbestez, Foruko Sokatira Taldeak “neska eta mutil, zahar eta gazte” barnebiltzen ditu.
“23 urtez azpiko taldea osatu gura genuen, baina ez zen emakumezko parte hartzaile nahikorik azaldu; horrenbestez, talde mistoa egitea erabaki genuen”
Taldea sortzerakoan, kideek azaldu dute emakumezkoz osatutako taldea eratzea zela asmoa, baina partaide kopurua aurkari izan zuten: “23 urtez azpiko taldea osatu gura genuen, baina ez zen emakumezko parte hartzaile nahikorik azaldu; horrenbestez, talde mistoa egitea erabaki genuen eta, hain zuzen, deialdia luzatu gura diegu kirol honetan abiatu gura diren neska nahiz mutilei. Lehiaketetako datuek bistaratzen dute sokatiran genero arteko arrakala ez dela oso handia eta, beraz, denak ondoetorriak dira”.
Hasiera batean, lehiaketa pretentsioen gainetik, taldea “elkartzeko eta kirola egiteko aitzakia” izan zen. “Irailean sortu genuen lantaldea, eta jadanik oso egonkortuta dago. Denboraren joanagaz, antolatuago entrenatzeari ekin genion, eta une honetan uste dugu lehiatzeko bezainbesteko mailan gaudela”. Hain zuzen ere, duela aste bi Antsoainen aritu ziren, lagunarteko tiraldi batean; hura izan zen kide askoren konpetizio bataioa: “Esperientzia aparta izan zen eta, inongo presio barik arituta ere, lehiaketan bizitzen dena bertatik bertara bizitzeko aukera aproposa”.
Afizioz, baina “serio”.
Taldekideak astean hiru aldiz elkartzen dira Foruko kiroldegian, entrenamendu saioak egiteko. Beraien agendetan tarte bat lortzen saiatzen dira, lan saioaz gain “terapia antzekoak” baitira entrenamenduak: “Kide denon artean adostu ohi dugu entrenatzeko asteko egutegia, afizio hutsez baina serio lan eginez”. Jendartean hedatua dagoena baino kirol konplexuagoa da sokatira: “Sarri entzuten dugu astokiloen kirola dela, baina hori ez da horrela; jende pila bat harrituko litzateke, sokatiraren teknika maila ezagutuko balu”. Teknikaz gain, pisua da tiratzaileen ardura nagusia: “Kategoria jakin batean edo bestean lehiatu ahal izateko, taldekide guztion pisuaren batura zifra jakin bat izan behar da; beraz, guztien konpromisoa nahitaezkoa da”.
Antsoainen egin du debuta taldeak, lagunarteko tiraldi batean parte hartu baitute
Nafarroako debut arrakastatsuaren ondoren, Bizkaiko Txapelketan ariko da Foruko Sokatira Taldea. Goma Gaineko 580 kiloko lehiaketa mistoan parte hartuko dute, eta hiru hitzordu edukiko dituzte, azaroa eta abendua bitartean. Lehendabizikoa zapatuan (azaroak 16) izango da, Areatzan; jarraian etorriko zaizkie hilaeren 30eko Lezamako zita eta Abadiñok abenduaren 14an hartuko duen finala. Herritarrek babesa eta hauspoa ematen diete, orain arte Bizkaiko lehiara aurkeztutako eskualdeko talde oro “adineko partaidez osatuta” egon baita; alderdi horretatik, gaztetasunaren kemena alde dute.
Txapelketari dagokionez, sokatiraren munduko izen potoloen kontra tenk egitea suertatuko zaie: Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi eta Goiherri. “Ikastea eta arerio horiengandik ahal beste ikastea bilatuko dugu. Orain arteko bilakabidea ikusirik, Gaztedi hautagai nagusia izan beharko litzateke, baina prest gaude edonori ezustekoren bat edo beste emateko”, adierazi dute. Emaitzez harago, proba batetik bestera arteko progresioa edukiko dute jomuga: “Taldeak aurrera zelan egiten duen ikusteko txapelketa aproposa da”.
Areatzako tiraldia 8x8ko mistoa izango da; Lezamakoa, aldiz, 4x4koa, eta neska zein mutil bereizita ariko dira; Abadiñoko finalean ere banatuta lehiatuko dute, 8x8an. Hori horrela, gogotsu daude neskek “beren aldetik” tira egiteko: “Kideon hastapeneko ideia emakumezko taldea osatzea izanik, polita izango da emakumezkook bakarrik tira egitea, eta geure benetako maila zein den ikustea ahalbidetuko digu”.
“Ondo dakigu Munduko Txapeketa helburu gaitza dela eta oso urrun dagoela, baina, talde askok ere parte hartzen ez dutela kontuan izanda, zergatik ez amets egin?”
Txinara begira.
Oinak lurrean dituzte tiralariek, baina buruei hegan egiteko lizentziarik ez diete ukatzen: “2025eko Munduko Txapelketa Txinan izango da, eta han parte hartzeagaz amesten dugu. Ondo dakigu helburu gaitza dela eta oso urrun dagoela, baina, talde askok ere parte hartzen ez dutela kontuan izanda, zergatik ez amets egin?”. Bestalde, lehiaketa ofizialez harago, herritarrei sokatiraren leihoa zabaltzea ez dute baztertzen: “Sokatira erakustaldiren bat edo beste egin gura genuke herriko plazetan, jaietan nahiz pareko agertokietan; klubaren ateak zabal-zabalik daude bildu gura den edonorentzat eta, hortaz, garrantzitsua da zelan funtzionatzen dugun bistaratzea eta sokatirak ezkutatzen dituen altxor denak erakustea”.