Euskara sustatzeko plan estrategiko berri bat landuko dute Muxikan
Plana egiteko herritarren parte-hartzea "ezinbestekotzat" jo dute, eta, horretarako, herritarrei euskararen egoeraren pertzepzioaz galdetzen dien galdetegi bat kaleratu dute, astelehena aurretik erantzutekoa. Gero, parte-hartze saio bat egingo dute azaroaren 28an, erronkak eta esku-hartzeak adosteko.
Muxikako Udalak euskara sustatzeko plan berri bat osatu nahi du, eta hori egiteko prozesua martxan jarri du, Uemagaz elkarlanean. Izan ere, datu ofizialen arabera, Muxika, Gorozika eta Ibarruriko biztanleen %84k daki euskaraz, eta horrek udalerriko hizkuntza nagusia izaten jarraitzen duen arren, euskararen kaleko erabilera “nabarmen” jaitsi da azken urteetan.
Plan estrategikoa egiteko, baina, herritarren parte hartzea “ezinbestekotzat” dute, eta, ondorioz, herri galdetegi bat zein parte hartze saio bat prestatu dituzte hurrengo egunetarako. Hala, herritarrei euskararen egoeraren pertzepzioaz galdetzen dien galdetegia azaroaren 18ra arte erantzun daiteke, online edo liburutegian, eta, ondoren, parte hartze saioa egingo dute, azaroaren 28an, 18:00etan, udaletxean, “denon artean datozen urteetarako erronkak eta esku hartzeak adosten joateko”.
Udal ordezkariek azaldu dute lau urterik behin euskara plan bat onartu behar dela udalean, eta egungoa indarrean dagoen arren, azken urteetako datuekin kezkatuta, plan berri bat egitea erabaki dutela: izan ere, euskararen ezagutza maila %84koa da, baina kale erabilera %60,6koa. “Azken emaitza soziolinguistikoen arabera, izugarri jaitsi da euskararen erabilera Muxikan, batez ere gazteen adin tartean, eta nahiko kezkatuta gaude”, azaldu dute. Gazteen datuei erreparatuta, %22,6koa da horien euskararen kale erabilera. Bestalde, haurren euskararen erabilera %85,2koa da, helduena %59,3koa eta adinekoena, berriz, 79,4koa.
Muxikako Udala Uemako kide denez, Urretxindorra eskolan hainbat ekintza egiten dituzte euskararen erabileraren jarraipena egiteko eta hori sustatzeko. Eta, horietako bat da Bagoaz tailerra. Horretan, udalerri euskaldun batetik euskara indize baxuagoa duen udalerri batera joango diren Lehen Hezkuntzako 6. mailakoekin lanketa bat egiten da, doazen lekura doazela ere, euskarari eusteko deia eginez. “Orain arte esparru oso euskaldunean bizi izan direla erakusten zaie ikasleei tailer honetan, eta etorkizunean erdaldunagoa den leku batera joango diren arren, han euskarari eusteak duen garrantzia ere erakusten zaie, inguru berri horiek euskalduntzeko traktore ere izan daitezkeelako», azaldu dute udal ordezkariek. Tailer horretan, gainera, hizkuntza ohituren azterketa ere egiten dute, eta bertan lortutako emaitzak “oso kezkagarriak” izan zirela berretsi dute.
Parte hartze saioa.
Hala, orain galdetegia zabaldu dute, eta hori ahalik eta herritar gehienek betetzea da helburua. Eta, gero egingo dute parte hartze saioa. Euskararen arloan udalerriak dituen erronkak eta helburu nagusiak zeintzuk diren identifikatuko dituzte saio horretan horretan, gero, proposamen eta ekintza zehatzak adostu eta lehenesteko: “Proposamen zehatzak nahi ditugu. Ez dugu kaxoian geratzeko 50 orriko plan bat idatzi gura, hurrengo bizpahiru urteetan zer egin dezakegun jasotzen duen plana baino”.
Hori dela eta, ahalik eta parte hartze zabalena izatea gura dute, plana egiteko “funtsezkoa” delako herritarren inplikazioa. Eta herritarrek erantzutea espero dute, gainera. “Muxikarrak, orokorrean, euskararen gaiari buruz kontzientziatuta daude, eta Euskaraldian zein antzeko dinamiketan jendea aktibo egoten da. Ondorioz, uste dugu jendea animatuko dela parte hartzera”.