Bertso-triki pintxo-poteak dakarren "giro onean" bilduko dira muxikarrak
Zapatuan, Bertso-triki pintxo-potean elkartuko dira Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bizilagunak, eta lau txoko zeharkatuko dituzte. Dagoeneko 60 lagunek izena eman dute.
Badator Bertso-triki pintxo-potea Muxika, Ibarruri eta Gorozikara. Udalerriko urteko ekintza “arrakastatsuenetakoak” herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea ditu helburu, eta, dagoeneko 60 lagunek izena eman dute zapaturako. Hala ere, oraindik izena emateko aukera dago, Zubieta Errotan edo 645 00 66 63 telefonora deituta.
Iaz udaberrian egin ostean, ekintza udazkenera bueltatzea erabaki dute aurten, eta lau txokok parte hartuko dute: Kolakainek (Elizalde), Gaukarik (Gorozika), Saltsamendik (Ibarruri) eta Atxelipek (Ariatza). “Azken urteetan sei txokok parte hartzen zuten ekimenean, baina ibilbidea luzegia bihurtzen zen, eta txoko bakoitzean egoteko denbora tarte txikia geneukan. Hala, urtez urte txokoak txandakatzen joatea pentsatu dugu, aurten lau hauek parte hartuz eta hurrengo urtean beste batzuek”, azaldu dute antolatzaileek. Beraz, “lasaiago ibiltzeko eta txoko bakoitzean denbora gehiagoz” egoteko hartu dute erabakia.
Hala, 17:45ean Ariatzan eta 18:00etan Kurtzeron jarri dute elkartzeko hitzordua, eta Elizaldeko Kolakaine txokoa izango dute lehen geralekua; handik Gorozikara joango dira, gero Ibarrurira, eta Ariatzan amaituko dute ibilbidea.
Txokoek bi pintxo aurkeztu beharko dituzte, bata hotza eta bestea beroa, baina aurtengoan ere, ez da lehiaketarik egongo. Parte hartzaile guztiek jasoko dute aitortza bat, ze, azken finean, txokoen errealitatea “oso desberdina” da. “Badaude oso potenteak diren txokoak, jende asko daukatenak, baliabide asko dituztenak, baina badaude txikiagoak diren beste batzuk ere, jende gutxikoak. Eta, lehiakatea egiteko baldintzak ez ziren denentzako berdinak”, arrazoitu dute.
Pintxo eta poteoak, bertsolariak eta musikariak izango ditu lagun. Izan ere, Lilibertsoko kide Asier Galarza, Koldo Gezuraga eta Ibai Amillategi bertsotan ariko dira, eta Arrapaladan taldeko trikitilari eta pandero jotzaileak bertaratuko dira ibilbidea musikatzera.
Zapatuan herritarrak “giro onean” batzea da asmoa, Muxika udalerri sakabanatua delako, eta ez daukalako erdigunetik: “Azken finean, sozializatzeko erdigune bat ez dagoenez, herritarrek euren auzo edo herrian egiten dute bizia, eta txokoak dira topagunea. Ekintza honegaz, baina, jendeari inguruko auzoetara joateko eta udalerri guztitik ibiltzeko aukera ematen diogu, auzo edo herri ezberdinetako jendea bilduz”.