159 dantzari batuko ditu Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunak
Irrintzi Alaiko, Itxas Aldeko, Alkartasunako, Urdaibaiko, Elai Alaiko, Artie Dantza Taldeko eta Baso-Txoritxuko dantzariak Busturiko Altamira auzoan elkartuko dira etzi [azaroak 16].
Busturia eskualdeko dantzarien eszenatoki izango da, berriro ere. Ekainaren hasieran Busturialdeko 350 dantzari txiki elkartu ziren Altamirako tenis zelaian, eta zapatuan [azaroak 16] nagusien txanda izango da. Eskualdeko dantza taldeetako 159 dantzari daude 36. Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunean parte hartzera deituta.
Ibarruriko Baso-Txoritxu dantza taldearen lekukoa hartuta, aurten Busturiko Irrintzi Alai taldeari egokitu zaio dantzari eguna antolatzea. Hala, Bermeoko Alkartasunako, Foruko Urdaibaiko, Gernika-Lumoko Elai Alaiko, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeko, Bakioko Itxas Aldeko, Baso-Txoritxuko eta Irrintzi Alaiko dantzariek Altamirako tenis zelaia izango dute dantzarako agertoki.
Dantzariak dantzaldia hasi baino ordu bete lehenago elkartuko dira, 18:00etan, eta eguraldia lagun baldin badute, kalejiragaz emango diote hasiera ekitaldiari. Euria egingo balu, zuzenean kultur etxe eta J.M Uzelai Herri Ikastetxe ondoko tenis pista estalietan elkartuko lirateke. Dantzaldia 19:00etan hasiko dute.
Euskal dantzak.
Saioa dantzari guztiek elkarrekin dantzatuko duten Agurragaz hasiko dute. Dantzari Dantzagaz emango diote jarraipena, Agintariena, Banakoa, Makil Jokoa eta Txotxongilo dantzatuz. Bizkaitik Gipuzkoako dantzetara egingo dute jauzi, Makil txiki eta Zinta dantza dantzatzeko. Horrez gain, talde batzuek Arabako El Ciego ere dantzatuko dute.
Talde guztiek dantzatuko dituzten euskal dantzez haratago, talde bakoitzak dantza bana erakusteko aukera ere izango du: Itsas Aldekoek Irisarreko Kontrajantza, Elai Elaikoek Bizkaiko dantzen pot-pourri bat, Alkartasunakoek Gipuzkoako Makil Handi eta Fandango eta Arin-arina, Artiekoek euskal dantzen pot-pourri bat, Urdaibaikoek Lapurduko Polkak eta Beteluren Fandagoa eta Baso -Txoritxukoek Xemeingoa. Etxeko taldeak Sorgin dantza eta Tudelako Jota dantzatuko ditu.
Dantza ikuskizuna amaituta, zazpi dantza taldeetako dantzariek elkarrekin afalduko dute, Muruetako Kamiñoko jatetxean. Gaua biribiltzeko, erromeria egongo da Zazpizar taldearen eskutik.