Hogei urteko ibilbideari aitortza
2004 sortutako Nuntxaku Kultur Elkartearen urteurrena ospatu zuten zapatuan [azaroak 9], Kapillan. Eguneko egitaraua prestatu zuten, eta adin guztietako "pila bat jende" bertaratu zen.
Herriko zein inguruko taldeei eszenatoki bat emateko asmoz sortu zuten Nuntxaku Kultur Elkartea, eta zapatuan [azaroak 9] 20. urtemuga ospatzeko elkartu ziren, Bermeoko Kapillan. Elkarteko kideek eguneko egitaraua prestatu zuten, eta herritarrak emandako erantzunagaz “pozik” agertu dira: “Jende asko hurbildu zen, eta oso ondo pasatu genuen”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “adin guztietako pila bat” jende hurbildu zen Kapillara. Jaiagaz 20 urtetan zehar bildutako oroitzapenak gogoratu nahi izan zituzten, eta baita lortu ere. Egitarauari azokagaz eman zioten hasiera; bertaratu zirenek bigarren eskuko diskak nahiz musika talde ezberdinen produktuak erosteko aukera eduki zuten. Horrez gain, kultur elkartearen goialdean egiten dituzten zeramika piezen erakustaldia ere izan zuten aukeran.
Sorreraz geroztik asko eta asko izan dira Nuntxakuk antolatuta Kapillako oholtzara igo diren taldeak, kontzertuak baitira kultur elkartea ezagun egin dutenak. Hala, zapatuan ere kontzertuak izan ziren jaiaren puntu gorena. Bertaratu zirenek bi musika taldez gozatu zuten: Nabasi talde zarauztarraz eta Aizoo, herriko taldearen lehen diskaren estreinaldiaz: “Aizoo taldekoak elkartekideak dira, eta beraien estreinaldia eta 20. urteurrena batera ospatu genituen; egun hunkigarria izan zen”. Jan-edanik ere ez zen falta izan eta, antolatzaileek adierazi dutenez, kontzertuak bukatuta ere, jendeak bertan geratzeko gogoa zuen.
Belaunaldi berriak. Nuntxakuko partaide kopuruak beheranzko joera bizi izan zuen pandemia iritsi zen arte. Azaldu dutenez, geroztik gazteen parte hartzeak gora egin du, eta Nuntxaku belaunaldi berrien artean “loratzen” dagoela dirudi. Zapatuan ere “gazte pila batek” egin zuten bat ospakizunagaz, eta Nuntxakukoek nabarmendu dutenez, gero eta inplikatuago daude: “Gero eta gehiago dira asanbladetan parte hartzeko gogoa erakusten dutenak, eta seinale ona dela deritzogu”.
Jaiak izandako erantzunak lanean jarraitzeko motibazioa eman die elkartekideei: “Ematen ez duen arren, kontzertuak antolatzearen atzean lan eta esfortzu handia dago, eta horrelako erantzuna ikusteak hurrengo kontzertuetara, eta hurrengo urteetara begira motibatu egiten gaitu”.