Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana izango du Foruak
Herritarrei zuzendutako galdetegi bat zabaldu du Foruko Udalak, udaletxean, J.M. Torrealdai Kultur Etxean edota udaleko web orrialdean bete daitekeena.
Foruko Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egiteko prozesuari hasiera eman dio. Azaldu dutenez, planarekin “tratu eta aukera berdintasuna bermatzea” eta sexuagatiko “diskriminazio-egoerak desagerraraztea” helburu duten neurriak biltzea izango xede, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dute. Jakinarazi dutenez, “hainbat metodologia parte hartzaile” erabiliko dituzte.
Lehen urratsak ematen hasteko, galdetegi bat zabaldu dute, udaletxean, J.M. Torrealdai Kultur Etxean edota udaleko web orrialdean bete daitekeena. Hala, herritarrei prozesuan parte hartzeko gonbidapena luzatu die, esparru horretan “informazio iturri garrantzitsuak” direla azpimarratuta.
Izan ere, Berdintasunerako Plana aurrera eraman ahal izateko udal-langile, politikari eta herriko hainbat eragileekin batera lan egitea “ezinbestekoa” dela nabarmendu dute, elkarrizketak eta galdetegiak egingo baitituzte, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan diren aurrerapenen eta hobetu beharreko gaien berri izateko”.
Herritarren iritzia.
Prestatu duten lehenengo galdetegian, besteak beste, berdintasuna bultzatzera bidean lehentasuna izan beharko luketeen beharrak identifikatu beharko dituzte. Era berean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra eta emakume eta gizonen berdintasunean lan egiteko, emakumeen ahalduntzea lantzeko edota kontziliazioa eta erantzukidetasuna bultzatzeko programa edo ekintza zehatzak proposatzeko aukera ere izango dute foruarrek.