Azoka giroa, bete-betean
Bermeon, Foruan, Gautegiz Arteagan eta Ispasterren San Martin jaiak bete-betean ospatu dituzte, jan-edana nagusitu den asteburuan.
San Martin jaiak tradizioaren definizio dira eskualdeko zenbait herritan. Horregatik, Bermeon, Foruan, Gautegiz Arteagan eta Ispasterren bete-betean ospatu dituzte sanmartinak, besteak beste, txerrikia nagusitu den asteburuan. Izan ere, nahiz eta Bermeon hurrengo asteburuan ospatuko dituzten San Martin auzoko jaiak, asteburu honetan ere zenbait ekintza egon dira herria girotzen; domekan, urterik urteko azoka egon zen, batik bat, Andeko Tabernak antolatuta eta Bermeoko Udalak babestuta. 10:00etan zabaldu zituzten ateak, eta txerrikiaz gain, 26 postutan, beste hainbat produktu dastatzeko aukera egon zen.
Gainera, Bermeon ohikoa den odoloste txapelketa ere egin zuten hogeitabatgarrenez. Bertan, 24 harategikparte hartu zutela jakinarazi dute, eta Bermeoko harategiez gain, beste herri batzuetako harategiak ere hartu zuten parte lehiaketan. Hala nola, lehenengo saria Anaiak harategiak lortu zuen. Bigarrena berriz, Baserri harategiak, eta hirugarrena, azkenik, Jose Ramon harategiarentzat izan zen. Hiru sari horiez gain, posturik onenaren lehiaketa ere egin zen Bermeon, eta horretan, Landabaso harategiak irabazi zuen.
Foruan ere, asteburu beteko giroa izan zuten. Ohiko txapelketez gain, zapatuan herri kirolek hartu zuten tokia herrian Arkupe Sustabiz Kirol Elkartearen eskutik. 11:30ean haurrentzako herri kirol parte hartzaileak jorratu zituzten, eta ondoren, 12:30ean, nagusien erakusketaren txanda izan zen. Gainera, egun berezia izan zen beraientzat, aditzera eman zutenez, iaz, Foruko San Martin jaietan egin baitzuten lehen erakustaldia.
Bermeon bezala, Foruan ere atzo izan zen azoka nagusia; Nekazal Azokan ortuariak, artisauak eta beste hainbat produktu probatzeko eta erosteko aukera egon zen. Izan ere, hamazortzi postu egon ziren, denetariko produktuekin: txakolina, gazta, esnekiak, kontserbak, eztia, keramika, bitxigintza, zurgintza, ogia, etabar. Taloak ere egingo zituzten, eta Urdaibai Dantza Taldeko dantzarien erakustaldiak girotu zuen atzoko egonaldia.
Gautegiz Arteagan eta Ispasterren, ordea, San Martin egunaz ospatu dute gaur, hamaiketako eta gaztaina erreak jateko aukera izanik, meza nagusien ostean.