Lagan egiten hasi diren lanen kontrako mobilizazioa deitu dute
Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak aginduta, makinak udalean jakinarazpenik egin gabe sartu dira Lagako hondartzara. Herritarrek "bidegabeko" lan horien aurkako deialdia luzatu dute: zapatuan (azaroak 9), 13:00etan elkarretaratzea egingo dute.
Ibarrangeluko Laga hondartzan, Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak aginduta, hareatza horretako bi dunak biltzeko lanak hasi dituzte. Lanak egiteko hondeamakinak dagoeneko hondartzan bertan daude, eta eraldatu gura duten eremua hesituta dute. Herritarrek azaldu dutenez, atzo (azaroak 6) izan zuten obra horien berri, “eta kasualitatez”: “Makinak hondartzan ikusi zituzten zenbait herritarrek, eta horrelaxe zabaldu zen zurrumurrua”. Hain zuzen ere, udalak ez du inongo jakinarazpen ofizialik jaso lan horien inguruan, Espainiako Gobernuaren aldetik.
Argitu dietena izan da obren helburu nagusia hondartzako duna bien arteko lotura egitea dela. Bien bitartean, metro bi inguruko pasarela bat eraiki gura dute: “Udan bakarrik zabalduko lukete; neguan, zarratuta legoke”. Taberna aldameneko “plazatxoa”, halaber, “desagerrarazi” egin gura dute.
80 zentimetro inguruko duna gunea altxatzeko hareari dagokionez, “edonondik” hondeatzen ari dira: “Hareatzaren erdigunea edozein modutan ustiatzen ari dira, inongo azterketa barik; horrek ingurumen eragin handia eduki dezake”.
“Duna altxatzeko harea edonondik hondeatzen ari dira, inongo azterketa barik; horrek ingurumen eragin handia eduki dezake”
Obra horiek “onartezinak” direla nabarmendu dute: “Bai lanengatik eurengatik, bai jakinarazpen ezagatik eta alde bakarretik jarduteagatik”. Hain zuzen ere, herritarren artean haserre handia erein dute. “Babesik gabe” sentitzen direla diote: “Ibarrangelutarrak zein inguruko herritarrak informazio ezaz eta inposizio itxuraz hasitako obra horiez galdezka eta galdezka ari dira, baina ezin diegu, gaur-gaurkoz, inongo erantzunik eman”.
Ogoñope Surf Taldeak ere “erabateko desadostasuna” agertu du: “Lanek herriari edota Lagari ez diote inongo onurarik ekarriko; horrelako gauzak ezin dira ezkutuan eta inposizioz ezarri. Herritar denei kaltea besterik ez die ekarriko: bisitariei, surflariei, ostera egitera doazenei, tabernaren erabiltzaileei, mugikortasun murriztua dutenei, eta abar luze bat”.
Elkarretaratzera deialdia.
Hautsak harrotu dituen gertakari horren aurrean, ibarrangelutarrek elkarretaratzean biltzera deitu dituzte “eskualdeko herritarrak”. Zapatuan (azaroak 9), 13:00etan, Lagan elkartuko dira. Gainera, sinadura bilketa prozesua ere abian ipiniko dute, obrak bertan behera uztea eskatzeko. Hondartzako harea aleak beste herritar behar dituzte, “lanak geldiarazteko”.