Ibiltari Sarearen azaroko ekimenak aurkeztu dituzte
Hilaren 12an, 19an eta 26an egingo dituzte ibilaldiak Mundakako Ibiltari Sareko kideek.
Mundakako Ibiltari Sareak azaroan egingo dituzten ibilaldiak plazaratu ditu. Isla Kale kiroldegiko bazkideek eskualdeko bazterrik ederrenetako zenbait ezagutu ahalko dituzte hilaren 12an, 19an eta 26an; hiru datak martitzenak izango dira. Azaroaren 5ean, Mundakatik Eneperirainoko bidea autobusez egingo dute; Gaztelugatxe bisitatu ondoren, Mundakari oinez bueltatuko dira. Hilaren 12an, Mundakatik Demiku auzoraino igoko dira, Sukarrietatik bueltatzeko. 19an, berriz, Mundaka eta Busturia arteko joan-etorriaz gozatu ahalko dute ibiltariek. Azkenik, azaroaren 26an, Bermeora joan-etorria egingo dute; tartean, errotak edota portua bisitatuko dituzte.
Izena emateko moduari dagokionez, arinagoko astean egin beharko da, eta barikua izango da epemuga. Isla Kale kiroldegira jota edota kirola.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora idatzita eman ahalko da izena. Ibilaldi denak egiteko, 10:00etan kiroldegi aurrealdean egon beharko da. Baldintzak bi izango dira: batetik, adinez nagusia izatea; bestetik, eguraldia lagun edukitzea.