Gernika-Lumoko Udalak kirol instalazioak hobetzeko lanak egin ditu
Errugbi eta futbol zelaien mantenua hobetzeko lanak egin ditu udalak, joku-baldintzak hobetuz eta indarrean dagoen araudira egokituz.
Gernika-Lumoko Udalak errugbi eta futbol zelaien mantenua hobetu du, horrela herritarren segurtasuna bermatuz eta kirol arloetako araudiekin bat eginez. Hobekuntza honen helburu nagusiak, joku-baldintzak hobetzea eta bide batez, indarrean dagoen araudira egokitzea dira, azaldu dutenez. Lanak, errugbi-zelaiko zutoinak berritzean eta Ipar Zelaiko belarraren mantenuan oinarritu dira, hurrenez hurren. Udaletik aditzera eman dutenez, lan horiek aurrera eramateko aurrekontu orokorra 12.000 euro baino gehiagokoa izan da.
Alde batetik, errugbi-zelaiko zutoinak aldatu dira: “Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetakoak ziren zeuden zutoinak, eta hondatuta zeuden, korrosioaren eta denborarekin izandako kalteen ondorioz. Bi astez, horiek desmuntatu eta altzairu herdoilgaitzezko egitura berri batzuek ordezkatu zituzten, Kirol Kontseilu Gorenaren egungo eskakizunak betetzen dituztenak.” Horrez gain, nstalazioan, zapata sakonagoak jarri zituzten, zutoinen egonkortasuna bermatzeko. Azken honetan 8.500 euro inguruko inbertsioa egin du udalak.
Futbol zelaiak ere jasan ditu berrikuntzak. Hala nola, Ipar Zelaian egindako birmoldaketek jokalekua garbitzea eta harrotzea izan dute helburu, batik bat. Lan horiek bi eguneko iraupena izan zutela gaineratu du Gernika-Lumoko udalak, eta ezarritako aldaketen inguruko xehetasunak ere eman ditu: “Besteak beste, xurgatzea, belarra orraztea eta kanaletak eta ureztatze-sistemak presioz garbitzea izan dira Ipar Zelaian egindako lanak. Urteko mantentze hori funtsezkoa da zelaiaren iraunkortasuna eta kirolarien segurtasuna bermatzeko”. 3.528,36 euroko gastua ekarri dute lan horiek.
Hobekuntza horien bidez, Gernika-Lumoko Udalak kirola sustatzeko eta kirol-instalazioak behar bezala kontserbatzeko konpromisoa berresten du, eta, horrela, herritarrei “kalitatezko azpiegiturak” eskaintzen dizkie, “kirola egiteko baldintza ezin hobeetan”.