Euskaraldiaren aldeko hamaikako anitza osatu dute
Gaur [azaroak 7] Bilbon aurkeztu dute maiatzaren 15etik 25era Euskaraldiaren enbaxadore izango diren 11 protagonistak.
Futbolean bezala, Euskaraldiak ere bere hamaikakoa dauka: Eneko Atxa, Oihana Azkorbebeitia, Aitor ‘Bengo’, Lutxo Egia, Eneko Garcia, Ana Goitia, Itziar Ituño, Roberto Moso, Zibel Untsain, Esti Urresola eta Mikel Urrutikoetxea. Horiek izango dira Euskaraldiaren laugarren aldiko enbaxadoreak. Hain zuzen ere, gaur [azaroak 7] aurkeztu dute Bilboko Bidebarrieta kulturgunean.
Hauek izango dira maiatzaren 15etik 25era Euskaraldiaren aurpegi nagusiak. Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea. Lehen urtean bezala, talde anitza osatu dute, “inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez” ariko den taldea
Aurtengo Elkar mugituz egingo dugu leloagaz bat eginez, hamaikakoa osatzen duten lagunek euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. “Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko”, azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak.
Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta”, azaldu du Urkijo.
Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak hurrengokoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. “Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu”, azpimarratu nahi izan du Urkijok.
Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.