Ardo desberdinak debalde dastatzeko aukera emango du `Ardo Experience´ asteak
Azaroaren 11tik 15era bitartean ospatuko da `Ardo Experience´ astea Gernika-Lumoko taberna desberdinetan; Basati, Musutruk, Auzokoa eta Madariaga izango dira ekimenean parte hartuko duten tabernak.
Datorren astean, azaroaren 11tik 15era bitartean, Ardo Experience astea ospatuko da Gernika-Lumon, Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak eta Urdaibai Ardotegiaren kolaborazioari esker. Gauzak horrela, aste guztian zehar, ardo desberdinak debalde dastatzeko aukera izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Egunero, iluntzeko 20:00etan zabalduko dute dastatzeko aukera hori, “edonork probatu daitezan”, eta gehitu dutenez, taberna bakoitzean ardo guztiz desberdinak dastatzeko aukera izango da, beti ere, “Jai Alai Azokan egongo diren upategietakoak izango dira aukeran egongo diren ardo mota guztiak, eta nola ez, sektoreko profesionalek emanak izango dira.”
Aditzera eman dutenez, egunean taberna baten txanda izango da, eta azaroak 15ean (barikua) Urdaibai ardotegiak Jai Alai pilotalekuan antolatutako azokan emango zaio bukaera Ardo experience asteari. Azoka horretan, beregain, ardoaren 10 postu eta janariaren hiru postu egongo direla gaineratu dute, “gazta, iberiko desberdinak eta olioa” eskainiz.
Astelehenean (azaroak 11), Basati Tabernaren txanda izango da. Martitzenean (azaroak 12), ostera, Musutruk Tabernarena. Eguaztenean (azaroak 13), Auzokoa Tabernak hartuko du testigua. Eguenean (azaroak 14), berriz, Madariaga Tabernak, eta amaitzeko, esan bezala, Jai Alai pilotalekua izango da hainbat posturen eszenatokia.
Azaldu dutenez, Jai Alaiko azken azoka horretara bertaratzeko sarrerak, dagoeneko salgai daude Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan, 3 eurotan. Debaldeko sarrera bikoitzak lortzeko aukera ere badago, ordea; Urdaibai Ardotegian 30 eurotik gorako erosketa eginez gero, eta iketa erakutsiz gero, sarrera guztiak agortu arte eskuratu daitezke.