Zelaiondo egoitzak hitzarmen kolektiboa errespetatzen ez duela zehaztu du Lan Ikuskaritzak
Busturian kokatutako Zelaiondo egoitzan langileen eskubideak errespetatzen ez zirela ikusita, Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu zuen LAB sindikatuak eta arrazoia eman dio honek.
Hilabeteak daramatza LAB sindikatuak Busturiko Zelaiondo egoitzan bizi diren “egoera kezkagarriak” salatzen. Urtarrilean langileen lan eskubideak errespetatzen ez direla adierazi zuten, besteak beste Bizkaiko Erresidentzietako Hitzarmenak urteko 1592 lan ordu zehazten dituela baina Zelaiondon 1800 ordu baino gehiago egiten dituztela salatuta. Era berean, egoitzako kudeatzaileen “despotismoa eta harrokeria” salatu zituzten eta, hainbat eragilerekin bildu eta gero, lan ikuskaritzan salaketa aurkeztea erabaki zuten. Azken honek arrazoia eman dio LABi, hitzarmena errespetatzen ez dela eta kasu batzuetan “lagileen lan osasuna kolokan” jarri daitekeela nabarmenduta.
Zelaiondon lan hitzarmena errespetatzen ez dela ondorioztatu du Lan Ikuskaritzak. Nabarmendu dutenaren arabera, egoitzako langileek ez dute sekula gaueko, igandeetako edota jai egunetako plusik jaso, eta horiek ordaindu beharko dizkietela zehaztu du. Era berean, egoitzatik “informazio eskubideari trabak” jarri dizkiotela argudiatu dute.
Gaueko txandan langile bakarra egotea “oso larritzat” jo du ikuskaritzak. Modu berean, lanpostuetako arriskuen ebaluazioa egin behar dela adierazi du, “orain arte ez dena egin”.
Sindikatuak langileei medikura joateko baimenak ere ukatu zizkietela salatu zuen, eta Lan Ikuskaritzak zehaztu du ezin zaizkiola kontsultetara joateko orduak eskatzeari “oztopoak” jarri. Horrez gain, argi utzi du langileek atsedena hartzeko toki bat behar dutela, “momentura arte ez dutena izan”.
“Bizi baldintzen kaskartzea”.
LABetik adierazi dutenez, zaintza sektoreko enpresa eta pribatizazio prozesuek “langileen lan eta bizi baldintzen kaskartzea” dakartela aldarrikatzen jarraituko dute: “Zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean pausuak ematen eta mobilizatzen jarraituko dugu”. Era berean, mugimendu eta herritarrei ere mobilizatzen jarraitzeko eskatu die.