Nuntxakuren XX. urteurrena ospatuko dute zapatuan
Nuntxaku eguna antolatu dute, kultur elkarteak 20 urte bete dituela ospatzeko. Kontzertuak, azoka eta jan-edana egongo dira bertaratzen direnentzat.
Nuntxaku Kultur Elkartearen XX. urteurrena ospatuko dute zapatuan [azaroak 9], Bermeoko Kapillan. Egunean zehar antolatutako ekintzetan parte hartzeko sarrera 8 eurokoa izango da, eta egunean bertan erosi ahalko dira. 20 urtez bildutako oroitzapenak gogoratu nahi izan dituzte antolatzaileek egun honekin: “Bai antolakuntzan, bai 20 urte hauetan kontzertuetara bertaratzen egon direnak batzea izan da gure asmoa”.
Nuntxaku 2004an sortu zuten herriko nahiz inguruko taldeei eszenatoki bat emateko asmoz. Autogestioa eta auzolana dira kultur elkarte horren indarguneak. “Garrantzitsua da areto bat edukitzea, non edonork bere musika estiloa, antzerki saioa… partekatu dezakeen”, adierazi dute Nuntxaku Kultur Elkartearen partaideek. Hala ere, indarrak ez dira beti berdinak izan. Partaide kopuruari dagokionez, “asko” ziren hasiera batean, eta “ez horrenbeste pandemiara arte”. Orduz geroztik, gazteen parte hartzea igo da; hala, badirudi “loratzen dagoela” Nuntxaku.
Eguneko egitarauari 12:00etan emango diote hasiera; horretarako, azoka antolatu dute. Batetik, bigarren eskuko diskak aurkitu ahalko dira. Bestetik, musika talde desberdinek beraien produktuak saltzeko aukera izango dute. Horretarako, eguneko programa antolatu dute. “Gainera, Nuntxaku elkartearen goialdean zeramika egiten dute, eta, hori dela eta, zeramika piezen erakustaldia egingo dute. Salgai egongo dira piezak azokan”, azaldu dute antolatzaileek.
13:30ean, kultur elkartea ezaguna egin dutenekin gozatu ahalko du bertaratzen denak: kontzertuak. Bi musika talde izango dira bertan. Nabasi talde zarauztarrak joko du lehendabizi. Ondoren, herriko talde baten estreinaldiagaz gozatu ahalko dute ikusleek, Aizoo taldeaz, hain zuzen ere. “Estilo lasaia jotzen dute”, zehaztu dute Nuntxakukoek. Horrez gain, jan eta edateko aukera egongo da; izan ere, kontzertuak eguerdian direnez, pintxoak egongo dira, “jendeak gosea pasatu ez dezan”. Eguna borobiltzeko, Bermeoko tatuatzaile bat egongo da, tatuatu gura dutenarentzat.