Erantzun “bikaina” jaso du Zarrabentako Gazte Egunak
Zapatuan [azaroak 2] ospatu zuten eta errepikatzeko prest agertu dira. Herri desberdinetako 30 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan
Lehen aldiak beti izaten dira zalantzaz beteak, baina erantzuna ona denean errepikatzeko gogoak pizten ditu. Hori gertatu zaio Zarrabentako Gazte Egunari, zapatuan [azaroak 2] ospatu zuten eta harrera “bikaina” izan du. Hasteko, helburu nagusia bete zuten jai giroa gazteena bakarrik ez, mendatarrena izatea. Horrez gain, inguruko herrietakoak ere hurbildu ziren Zarrabentara berritasunaz erakarrita.
Hain zuzen ere, mus txapelketan 30 bikotek eman zuten izena eta irabazleak ispastertarrak izan ziren. Mendexa, Gernika-Lumo eta bestelako herrietatik hurbildu ziren eta azkenean pentsatzen zutena baino jende gehiagok parte hartu zuen. “Gainera, bete-betean asmatu genuen eta adin guztietako herritarrek parte hartu zuten, gazte zein nagusi”, azaldu dute.
Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategiren bertsoekin ere gozatua hartu zuten denek ala denek. Eingoren erromeriagaz eta osteko musikagaz gaua ordu txikietara arte luzatu zuten, gazteenek iraun zuten gehien. Horrenbestez, orokorrean, antolatzaileek Gazte Egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute.
Hori gutxi ez, eta errepikatzeko prest agertu dira. “Gazte Egunak izan duen harrera ona ikusita uste dugu errepikatu behar dugula, herriari bestelako bizitasun bat eman dio, eta Zarrabenta auzoari zer esanik ez”, adierazi dute. Hain zuzen ere, “beharrezkoa” zela esan dute herritarrek eta horregatik “pozik” agertu dira horrelako ekintzak Mendata bezalako herri txiki batean egiteagatik.
Alde horretatik, egunean bertan eta aurretik izandako elkartasun eta laguntza guztia eskertu dute. “Auzotarrak prest agertu dira edozertan laguntzeko, barrako turnoak egiteko, adibidez. Ordu asko dira eta haiek barik ezingo genuke Gazte Eguna aurrera eraman”. Mendatako Udalari ere esker hitzak adierazi dizkiete behar izan duten laguntza eskaini dietelako. “Txokoak ez du diru sarrerarik eta udalari esker antolatu ahal izan dugu jaia, bertsolariak eta kontzertuak ordaindu, adibidez”.
Horregatik, Gazte Eguna bakarrike ez, data mantentzeko alde agertu dira, zubia izanik egun aproposak izan ahal direla pentsatzen baitute. Azkenean, horrela egutegian egonkortzea bilatzen dute, jendeak buruz jakin dezan zubian jai giroa dagoela Mendatan.
Hori bai, egitarauaren inguruan lanketa handiago bat egin nahi dute, denbora gehiago izango baitute dena antolatzeko. “Aurten lehen aldia izaterakoan arratsaldeko ekintzak bakarrik antolatu ditugu, gainera azken orduan aritu garelako. Etorkizunean eguerditik ekintzaren bat edo beste egiteko proposamena jaso dugu, bazkaria, esate baterako”. Modu baten edo bestean datorren urtea itzuliko da Zarrabentako Gazte Eguna.