Gaztetasuna, lehen lerrora
Thomas Urrutiak eta Thibault Basquek 2 eta 0 irabazi diete Jean Dominique Olharani eta Jon Zabalari, Eusko Label Winter Seriesen bigarren jardunaldian.
Duela astebete Eusko Label Winter Series zesta-punta txapelketarenj iragan ekitaldiko garaileek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, beraien hautagaitza plazaratu baldin bazuten, atzo (azaroak 4) Thomas Urrutia donibanegaraztarrak eta Thibault Basque bidartarrak osatutako puntista bikote gazteak beste horrenbeste egin zuen, lehiaketaren bigarren jardunaldiari zegokion B multzoko ligaxka partiduan. Ipar Euskal Herrikoek txapelketa eta Gernika-Lumoko Jai Alai Katedrala sobera ezagutzen duten Jean Dominique Olharan pauetarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurrean harritzeko maila erakutsi zuten; maila erakutsi ez ezik, garaipen baliotsua poltsikoratu zuten, 2 eta 0eko markagailu zapaltzaileagaz, gainera.
Partidua estu hasi zen, borroka handiagaz eta parekotasun nabarmenagaz. Bikote bietako bat ere ez zen gai izan hasieratik markagailuan arrakalarik zabaltzeko, baina, era berean, biek ala biek beren armak mahai gainean laga zituzten: Urrutiak eta Basquek, gaztetasunaren indarra eta presio eza; Olharanek eta Zabalak, eskarmentuaren balioa eta denetariko egoerak kudeatzeko abilezia. Lehendabiziko setaren markagailuak etenik gabe alde batera edo bestera egin zuen. Olharanek eta Zabalak aurrea hartu zuten estreinako jokaldietan; 8 eta 6 edota 9 eta 7 aurretik joatera iritsi ziren. Edozelan ere, gazteek beren erregulartasunari eutsi zioten; partiduari neurria hartua zioten, hamarna berdintzera edota 10 eta 13 irabazten joatera iritsi baitziren. Beteranoek, baina, azkenengo saiakera egin zuten egoera iraultzeko, baita lortu ere: 13 eta 13ko berdinketa ezarri zuten.
Lehenengo setaren iraupen gehiena atzetik eginik ere, Urrutiak eta Basquek itxura sendoa, konfiantza eta segurtasuna bistaratu zituzten uneoro. Erremateetan eta bereziki erreboteetan bizi agertu ziren, eta lehen setaren garaipena horren erakusle fidela besterik ez zen izan. Donibane Garazikoak eta Bidartekoak 15 eta 13ko markagailuagaz irabazi zuten seta.
Pareko dinamikak.
Bigarren setak lehenengoaren antzeko itxura eduki zuen. Tanto berdinduak izan ziren protagonista nagusi, eta ez zen alde esanguratsuegirik egon markagailuan. Urrutia eta Basque, tarterik gehientsuenetan, tanto pare bateko aldeagaz jokatzen aritu ziren. Olharanek eta Zabalak, gogor saiatu arren, ezin izan zuten partidua beraien interes eremura eroan eta, azkenean, bikote gazteak 15 eta 12 irabazi zuen. 2 eta 0eko garaipen apartagaz, horrenbestez, eska zitekeen modurik egokienean ipini zuten abian ligaxka Urrutiak eta Basquek. Hautagai izan ez arren, kontuan hartzeko moduko bikotea osatzen dutela frogatu zuten, balizko ezusteko bati begira, behintzat. Garaipenak, halaber, B taldearen buruan ipini ditu asteleheneko irabazleak, Erkiagagaz eta Ibarluzeagaz berdinduta.
Bestalde, bigarren setean zeresana eman zuen Zalantzen Txokoak. Izan ere, epaileek hiru esku hartze egin behar izan zituzten eta, Eraman Jai Alaitik adierazi dutenez, “hiru erabakietan asmatu egin zuten”. Errepikapenek, hain zuzen, erakutsi zuten pilotak hiru aldiz zestan botea egin zuela; bi aldiz Zabalarenean, eta Basquerenean, ostera, bakar batean. Ikusleei Zalantzen Txokora egokitzeko “denbora apurtxo bat” falta zaien arren, antolatzaileek nabarmendu dute hala sistemak, nola epaileek “bikain” funtzionatu zutela bart.
Gaztetxoenen txanda.
Atzo, partidu nagusia jokatu orduko, 18:45 eta 19:15 bitartean, zesta-punta eskoletako umeen kinielak jokatu zituzten. Eraman Jai Alai enpresaren ordezkariek, hain zuzen ere, aditzera eman dute datozen jardunaldietan ere harrobi lan hori egiten jarraitzeko asmoa dutela. Astelehenean, Tolosako eskolakoak izan ziren protagonista, baina hurrengoetan beste toki batzuetako eskoletakoak kantxaratuko direla aurreratu dute. Ondoren, maila handiko partidua jokatuko dute datorren astelehenean (azaroak 11): Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Sorozabal miarriztarrak Xabier Barandika gernika-lumotarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra neurtuko dituzte indarrak, A multzoari dagokion hirugarren jardunaldian.