Eskualdeko museo eta foru guneak arte eszenikoz beteko dira
Bizkaiko Foru Aldundiak MusEkintza jaialdia aurkeztu du, laugarrenez. Azarotik aurrera, Bizkaiko museo desberdinak arte eszenikoen eszenatoki bihurtuko dira; Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Europako Herrien Parkea, Kortezubiko Santimamiñe eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango dira aurreikusitako jarduerak, besteak beste.
Laugarrenez antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak MusEkintza jaialdia, arte eszenikoak bultzatzeko eta artea eta ondarea kohesionatzeko asmoz. Horrela, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak ekimenaren programazio berria aurkeztu du gaur, Bilbon. Azaroak 16an (zapatua) emango zaio hasiera programazioari Bizkaiko bederatzi museo eta foru gunetan; horien artean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Europako Herrien Parkea, Kortezubiko Santimamiñe eta Bermeoko arrantzaleen museoa aurkitzen dira. Aipatutako hauek misterioa, antzerkia, dantza, itzalen laborategia, clownak, zirkua eta kontzertuen testigu izango dira 2025eko ekainera arte.
Arrizabalagak ekimen hau laugarrenez antolatzearen helburua adierazi du gaurko aurkezpenean: “Ekitaldi bakoitzak kultura modu parte-hartzailean bizitzera gonbidatzen gaitu, ikuspegi berri eta aberasgarri batetik. MusEkintzaren bidez, museoak beste era batera erakutsi nahi ditugu, eta, aldi berean, Bizkaian arte eszenikoen arloan dagoen aniztasunaren erakusleihoa bihurtu”. Gauzak horrela, arte eszenikoetan aberatsa den programazio honek ikusleen esperientzia indartuko du espazio bakoitzerako argiztapen eta dekorazio-proiekzio espezifikoari esker. Hain zuzen ere, argiztapenarekin, bideo- eta soinu-proiekzio mapeatuekin girotuko dituzte museoak ekimenak iraun bitartean.
“Bertoko artea eta ondarea kohesionatzen dituen jaialdia da, nor garen kontatzen duten lekuekin, eta gure nortasuna eta gure kultura bermatzen eta zabaltzen duten espazioekin. Ekimen honetako ekitaldi bakoitzak kultura modu parte-hartzailean bizitzera gonbidatzen gaitu, ikuspegi berri eta aberasgarri batetik”, azaldu du foru diputatuak. Herritar guztiengana hurbiltzeko modurik hoberenaren gisa definitu du MusEkintza, besteak beste.
Disziplina ugari
Disziplina artistiko ugari bilduko ditu ekimenak, eta horrela adierazi dute aurkezpenean. Aditzera eman dutenez, Euskal Herria Museoak hartuko du eskualdeko lehen jarduera. Lapiel Antzerkiak taldearen Urargi antzerki esperientzia interaktiboa hartuko baitu otsailaren 8an, “ura eta argia ingurune sentsorial paregabean uztartzen dituen haurtxoentzako ikuskizuna”. Apirilaren 12an, ordea, Arrantzaleen Museoaren txanda izango da. Haurrentzako Laborategia + Itsas (h)Ondokoak izeneko NAITA Produkzioak diseinatutako haurrentzako tailer eta antzerkiaren bitartez, “haurrak piraten eta itsas haurren munduan murgiltzera gonbidatzen” dira. Agertoki horretan bertan, Arrantzaleen Museoan, maiatzaren 10ean, Mikel Urdangarinek kontzertu akustikoa eskainiko du, bere ibilbide musikala giro intimo batean ezagutuz.
Europako Herrien Parkeak hartuko du lekukoa, ondoren. Ekainaren 14an, hain zuzen: zirkozaurreren Kobr3 ikuskizuna, kobrea protagonista duen zirku garaikideko ikuskizuna, malabare eta koreografia izango dira geometrikoen joko batean. MusEkintzaren laugarren edizioari amaiera emateko, Santimamiñek Golden Apple Quartet taldearen kontzertua hartuko du ekainaren 28an. Quartet ahots laukoteak Vamos, que nos vamos ikuskizunarekin itxiko du bira, ahots hutsez, umorez eta musikaz beteriko ikuskizuna, lau hamarkadaz inguru naturalean abestuz osatutako ikuskizuna.
Azaldu dutenez, ikuskizunetara joateko, ekitaldi bakoitzaren aurretiazko erreserba egin behar da. MusEkintzari buruzko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.